Lau urteko obren ostean, hiru bide zabaldu dituzte Biriatu-Miarritze tartean

A-63 autobideko 22 kilometroko zatian egin dituzte lanak, eta Vinci enpresak espero du abiadura muga orduko 130 kilometrora igotzea

A-63an, hiru bideak zabalik, atzo, Donibane Lohizunen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bide guztiak zabalik daude A-63 autobidean, Biriatu eta Miarritze artean (Lapurdi). Hala jakinarazi du Vinci enpresak, autobidearen ardura duen enpresak. Hala ere, oraindik badira obrak leku batzuetan. Udatiarren mugimendu handia hasteko atarian, bi norabideetan hiru bideak daude zabalik leku gehienetan. Abiadura muga handitzea espero dute; oraingoz, orduko 110 kilometroko muga aplikatua da, baina enpresak itxaro du Pirinio Atlantikoetako prefetak baimena emango duela areagotzeko: orduko 130 kilometroan jarriko dute muga. Horretarako, Getariako (Lapurdi) zubiaren inguruko obrak bukatu nahi dituzte.

2014an hasi zituzten obrak Biriatu eta Miarritze artean, 22 kilometroko autobide zatia zabaltzeko. Norabide bakoitzean bi bide zituen ordura arte, eta bakoitzari beste bat eranstea zuten helburu. Horrekin batera, lanak baliatu dituzte zarataren aurkako babes handiagoa jartzeko: 65.000 metro koadro babes gehitu dituzte. Gainera, elkarteen eta herriko etxeen presioaren ondorioz, 22 kilometroetan 100.000 landare jartzeko konpromisoa hartu du Vinci enpresak. Hasiak dira, eta aurten bukatzea espero dute.

Euskal Elkargoa Vinci enpresarekin negoziatzen ari da. Biriatu eta Ondres (Okzitania) arteko prezioak berrikusi nahi ditu instituzioak. Hala jakitera eman du Claude Olive elkargoko Mugikortasun arduradunak. Helburua da Baionako hirigunea «askatzea». France Bleu irratiari esan dio egoera aztertzen ari direla: «Aterabide teknikoa badugu prezio erakargarriak jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.