Euskara batuaren urteurrenean 50 hizlari bilduko ditu Euskaltzaindiak

Urriaren 4tik 6ra eginen dute 'Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018' biltzarra, «euskarari bultzada berri bat emateko»

Ion Orzaiz.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Berrogeita hamargarrenean, 50. Euskaltzaindiak Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) jarri zituen euskara batuaren oinarriak 1968ko urriaren 3an eginiko bileran, eta, 50 urte igarota, hara itzuliko da: akademiaren mendeurreneko ekitaldien barruan, XVII. Biltzarra egingo dute urriaren 4, 5 eta 6an, eta 50 aditu bilduko dituzte, Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018 lelopean.

«Mugarri bat izatea nahiko genuke, euskara bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako gonbidatu ditugu euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak», azaldu zuen atzo Andres Urrutia euskaltzainburuak, nazioarteko biltzarraren aurkezpen ekitaldian. «Euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, elkarrekin jokatu behar dugu, esperientziak trukatu eta elkarlanean aritu».

Hizkuntzaren geroa bermatzeko bidean, Euskaltzaindia «gogotsu eta indartsu» dagoela erakutsi nahi dute, eta hainbat baliabide teknologiko eta linguistiko ere aurkeztuko dituzte Arantzazun: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria.

Iragana, oraina eta geroa

Hiru eguneko biltzarrean, euskara batuaren eta Euskaltzaindiaren beraren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz solastatuko dira Arantzazura gonbidatutako adituak. Urriaren 4an, esaterako, Urrutiak berak eskainiko du harrerako hitzaldia, gai horri helduta: Euskara batua eta Euskaltzaindia: oraina eta geroa.

Lehen saio horretan, euskara bateratuaren sorreraz eta bilakaeraz mintzatuko dira Miren Azkarate, Miriam Urkia, Patxi Salaberri eta Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak. Arratsaldean, besteak beste, euskara batuak hedabideen esparruan dituen erronkak aztertuko dituzte Asier Larrinagak (EITB), Irene Arraratsek (BERRIA) eta Jone Guenetxeak (Tokikom); eta, iluntzean, Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan irakurraldia eskainiko dute Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak.

Urriaren 5ean, euskara batuaren «geografiak» hizpide izanen dituzte Adolfo Arejita, Battittu Coyos eta Andres Iñigo euskaltzainek. Arratsaldean, berriz, hezkuntzaren, lanbideen, itzulpengintzaren eta administrazioaren alorrei erreparatuko diete. Urriaren 6an, azkenik, Euskara Batuaren etorkizuneko bide-orria eta Euskara Batuaren adierazpena aurkeztuko dituzte Andres Urrutiak eta Joan Mari Torrealdai euskaltzainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.