Enpatia. Gaitasun horrek lehentasunezko tokia izan zuen atzo Rene Cassin sarien banaketa ekitaldian. Bestearen lekuan jartzeko eta laguntzeko ahalmena aitortu zien Eusko Jaurlaritzak 2016ko hiru sarituei: Zaporeak egitasmoa, Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Sant Egidio komunitatea. Beste ezaugarri komun bat ere badute hirurek: enpatia hori mugara eraman dute. Europako mugetara, hain zuzen ere, bertan ezarritako hesien gainetik zubiak eraikitzeko, edota hesi horiek eragindako kalteak murrizteko.
Itsas Salbamendu Humanitarioa 2015eko urrian jaio zen, Euskal Herriko itsas salbamenduarekin lotutako pertsonekin. Iñigo Mijangosek, elkartearen sustatzaileetako batek, telebistan ikusitako irudi «bortitzei» emandako erantzun gisa aurkeztu du proiektua. Grezian lanean ari zen sorospen taldea indartu zuten hasieran, bai itsasoan, bai kostaldean, osasun arreta emanez. Denborarekin haien ardurak aldatu dira, batez ere Europako Batasunak Turkiarekin lortutako akordioaren ostean. Egun lurreko osasun arretak garrantzi handiagoa hartu duela azaldu du Mijangosek, eta gaineratu du beharretara egokitzeko lanean ari direla.
Zaporeak egitasmoa 2015eko abenduan sortu zen, sukaldari talde batek furgoneta bat hartu eta Kios irlarako (Grezia) bidea hartu zuenean. Jatorrian, borondatezko lana egiten ari zirenei janaria prestatzeko asmoa zuten. Peio Garcia Amiano sukaldariak gogorarazi du zergatik: «Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek, adibidez, ez zuten bazkaria prestatzeko tarterik ere». Hara heldu zirenean helburua aldatu zuten: borondatezko lana egiten zutenei ez ezik, errefuxiatuei ere prestatuko zieten janaria.
Sant Egidio komunitateak ere errefuxiatuen giza krisian egindako lana goraipatu du Jaurlaritzak. Aipatu komunitateak korridore humanitarioak abiarazi zituen, Italiak ehunka errefuxiatu har zitzan. Herrialdeko agintarien eta gizartearen arteko bitartekari lana egin zuten, errefuxiatuen sarbidea errazteko.
Tentsioei ere aurre egin
Lan hori egitean Euskal Herriko gizartearen babesa jaso arren, hamaika trabari aurre egin behar izan diete. Zaporeak egitasmoak hainbat eraso jasan zituen abuztuan; egun egoera lasaiagoa dela azaldu dute egitasmoko kideek, baina gogoratu dute oraindik badirela aurkako erasoak. Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek, beste maila batean, tentsio uneak izan zituzten Greziako arduradunekin, haien jokabide batzuk salatzean.
Jon Mirena Landak, Rene Cassin sarietako epaimahaikide eta EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariak, sarituen lanaren bi aldeak goratu zituen atzo. «Hiru sarituek maitasuna islatzen dute, elkartasuna; baina, aldi berean, salatzen dituzte burokraziaren izotzezko bihotzak eta mugetan baztertutakoen oihuei entzungor egiten dieten nazionalismoak».
Saria jasotzean, oraingo egoera salatu zuen Mijangosek. Gogora ekarri zuen, besteak beste, egunez egun milaka herritarri bizitza eskubidea ukatzen zaiela, giza laguntza jasotzeko eskubiderik ez dutela, ez leku seguru batean bizitzeko eskubiderik, ez eta Europan nazioarteko babesa eskatzekoa ere. «Gaur gauean Europako biztanleak ohera joango gara giza eskubideen printzipioen aurka eraiki diren hesi batzuen atzean».
Mugetako enpatiari saria
Zaporeak egitasmoa, Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Sant Egidio komunitatea errefuxiatuekin egiten ari diren lana goraipatu du Eusko Jaurlaritzak, Rene Cassin saria emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu