Euskalduntzea, gurutze bidetik bidegurutzera

Glotodidaktikako VI. Topaketak antolatu dituzte HABEk eta Udako Euskal Unibertsitateak. Helduen euskalduntzea hizpide, euskaltegietako kideek solasaldia egin dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Helduak euskalduntzeko lanean dabiltzan eragileen selfie-a egiteko eskatu du Arkaitz Zarraga UEUko irakasleak. Aho batez, aldamenetik: «Euskaltegiek bakarrik ezin dute». Euskara eraberritu eta transmititu nahi bada, euskaltegien lanaz harago doan plan «integral» bat garatu behar dela uste du Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak. «Guri bakarrik ez dagokigu helduen euskalduntzea. Jendarte osoari begirako plangintza bat behar dugu: lan mundua, administrazioa, aisialdia... Herri honen euskalduntzea ez da bakarrik eskoletatik etorriko».

Josemi Regero IKAko kidea, Isabel Izarzelaia Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendaria eta Jesus Mari Asurabarrena Udal Euskaltegietako burua izan zituen Mujikak ondoan atzo, Glotodidaktikako VI. Topaketetan. Euskalduntze alfabetatzea: eraginkorrak gara? Norantz goaz? solasaldia egin zuten, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Zarragak gidatuta. Asurabarrenak egituran nabari du hutsunea: «Herritarren aurrean itxura ahula ematen duen sektorea da euskaltegiena, zatikatua. Ez daukagu dena artikulatuko duen zerbait».

Barne egituraz gain, euskararen biziberritzeari dagokionez erabilera eta ezagutza egon ohi dira eztabaidaren erdigunean.Izarzelaiak beste elementu bat gehitu du: «Bagabiltza erabileraz, bagabiltza ezagutzaz, baina gu oso kezkatuta gaude motibaziorekin. Iruditzen zait motibazioan badugula zer landu». Gaztelania eta frantsesa parez pare izanda, Izarzelaiak hutsunea nabari du euskara ikasteko bultzadan: «Ikasleek ez dute ez eskolan, ez unibertsitatean, ez beste inon ikasi Harkaitz Cano, BERRIA egunkaria edo Loreak filma existitzen direla».

Ikasleen motibazio iturriak beste gatazka batera bideratu ditu mahaikideak: ziurtagirien auzira. Bestela esanda, zertarako eta nola ikasten dute helduek euskara? Zer rol dute euskaltegiek? Metodologiaren muinean, ebaluazioa; horren inguruan galdetu die Zarragak. Asurabarrenak, lehen erantzuna: «Eskuak lotuta dauzkagu. Praktika didaktiko batzuk finantzatzen ditu HABEk». Regerok ebaluatzeko bi modu bereizi ditu: barrukoa eta kanpokoa. Bat datoz solaskideak barne ebaluazioaren erabileran; ikaslearen garapena hobetzeko tresna bat dela deritzote. Gogor jo dute, ordea, kanpo ebaluazioaren kontra. «Ikasleek, diru laguntzak lortzeko, maila gainditu behar dute», esan du Izarzelaiak. «Ebaluazioan tresna dena helburu bihurtu dugu», gehitu du Mujikak.

Azterketaren balioa

Maila batetik bestera igaro ahal izateko, azterketa gainditu behar du ikasleak, eta horren arabera lortuko du finantzaketa. Orain arte titulua lortzeko motibazioa EGArekin zutela uste du IKAko ordezkariak. Hori aldatzen ari da: «EGArekin izan dugun arazoa beste mailetara hedatzeko arriskua dago». Horrenbestez, kanpo proba zorrotzak «kalterako» direla uste du Reguerok. Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak lehen lerrotik entzun du kritika.

Dagoeneko emanak daude gakoak: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Konponbideak irudikatzea zail du Mujikak; ez, baina,ikasgeletako egoera salatzea: «Erabileraren aroan denak zaku berean sartzea hanka sartze bat da. Meritu handia dute irakasleek soilik hori kudeatzeko egin behar duten lanagatik». Adibide bat, B2 mailako gelan: mahaian eserita, erretiroa hartuta ilobarekin euskaraz aritzeko euskaltegira doan 67 urteko andrazkoa; alboan, oposizioak gainditzeko hizkuntza eskakizuna lortu behar duen 47 urteko gizona; lerro bat atzerago, 22 urteko gaztea, unibertsitate gradua lortzeko EGA ziurtagiria behar duena; eta, ondoan, Euskal Herrira bizitzera etorri den argentinarra. Denak ikasgela berean. Hor motibazio talka. Hor ere, kudeatzeko zailtasunak.

Barrura begira daude lau hizlariak, argazkia osatu guran. Ikasgelako irudian, ikasleak ez ezik, irakasleak ere ageri dira. Euskaltegietako langileen gabeziak mahai gainera atera dituzte. Batik bat, lan baldintzak seinalatu dituzte arazo gisa. Ordezkarientzat, «prestigioa» da konponbidea. Mujika: «Prestigiatu egin behar da lanbidea eta euskara ikastea». Soldata apalak eta material eta baliabide falta salatu dituzte denek ala denek. Muinean dago hezkuntza sistemaren partetzat hartuak izateko aldarria. «Egun, euskaltegiko irakasle batek hezkuntza arautuan irabaziko lukeenaren %60 inguru kobratzen du. Bada garaia onartzeko gu hezkuntzaren parte garela», kexu da Reguero. Laburpen esaldia eman du berak ere: «Orain arte, gurutze bidea egin dugu. Orain, bidegurutze bihurtu behar dugu». Egungo analisia eginda, etorkizuna aurrean. Gabezietatik ikasiz, irakastea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.