Grebara deitu dute Bizkaiko zahar etxeetan otsailaren 8rako
BILBO. Abenduaren 14an egin zuten azkeneko lanuztea Bizkaiko zahar etxeetako langileek, ELAk eta LABek deituta. Orain, bi sindikatuek grebara deitu dituzte berriro ere erresidentzietako langileak, otsailaren 8rako, egoitzetan «eredu aldaketa» bat eskatzeko, besteak beste.
ELAk hitzarmen kolektiboa «premiaz» berritzeko eta «eredua aldatu dadila» eskatzeko egin du greba deialdia. Hauek dira sindikatuaren eskakizunak, besteak beste: enplegua «egonkortzea eta hobetzea», ratioak «hobetzea», profesionalak «lehen egunetik» ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioak egitea, eta lanaldi partzialeko kontratuak amaitzea.
Era berean, LABek zahar etxe pribatuetan ere egin du deialdia, ratio «duinak» eta zahar etxe publikoetan dituzten lan baldintza berak eskatzeko. Izan ere, sindikatuaren arabera egoitzetako egoera «jasanezina» da, eta «beharrezkoa eta premiazkoa» da zahar etxe pribatuetako langileen lan baldintzak «sektore publikoko langileenekin parekatzea».
LABek adierazi duenez, zaintza «negozio bat» da, eta Bizkaiko Aldundia da «gurpil horren arduraduna»; «gutxi batzuk aberasten» ditu, eta «sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatu». Funtsean zaintzaren pribatizazioak «miseria» baino ez dakarrela adierazi du sindikatuak.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.