Berme energetikorako legea proposatu du EH Bilduk

Hornidura energetikoen fakturek diru sarreren %10 ez gainditzea proposatu du, eta laguntzak aurkeztu ditu

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
GASTEIZ. EH Bilduk ongizate energetikorako eskubidea bermatzea helburu duen lege proposamen bat erregistratu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, pobrezia energetikoaren kontzeptua gainditzeko asmoz. Haren arabera, 2008ko Atzeraldi Handia krisi ekonomikoaz geroztik, kontzeptu horren adierazleek «okerrera» egin dute, eta, nabarmendu zuen bi urtean %5,3 igo dela negua iristean etxean tenperatura egokia mantentzeko zailtasunak dituztenen kopurua. «Jauzi kualitatibo bat» eman, eta proposatu du oinarrizko hornidura energetikoa lortzeko faktura ezin dela izan etxebizitzako kideen diru sarreren %10 baino gehiago, eta, gainera, bizilekuetan 18 eta 25 gradu arteko tenperatura izatea bermatu beharko litzatekeela.

Legea dagoenetan onartuko balitz, taldeak nabarmendu zuen ongizate energetikoa «eskubide objektiboa eta subjektiboa» izango litzatekeela, eta, beraz, administrazioak bermatu beharrekoa. Horretarako, laguntza ekonomikoak eta teknologikoak ere aurkeztu dituzte.

Hala ere, klima larrialdia oinarri hartuta, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du bestelako programak abiatzea eta arautzea ere, egoerak CO2 isuri gutxiago izatea eskatzen duela argudiatuta. Beraz, etxebizitzak zaharberritzeko plan baten beharra nabarmendu zuen, eta baita energia berriztagarriena ere, autokontsumoa eta komunitate energetikoak oinarri hartuta. Mekanismo horiekin ongizate energetikoa sustatuko litzatekeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.