Festarik ez baina dezenteko animazioa dago gaur goizeangure etxepean. Beira txikituaren hotsak zulatu dizkit belarri biak. Ez al da berandu samar botila-jasotzen ibiltzeko? galdetu diot neure buruari. Leihoa zabaldu dut. Hau duk hau mugimendua!
Oinezkoak, gurpil-gainekoak, langileak, paseanteak, auzokoak, kanpotarrak... Turista talde handi bat ere bai gida txapeldunaren atzetik. Beste botila-irrintzi bat entzun da kale kantoian. Turista batzuk belarriak estali dituzte esku ahurrez. Santa Maria aldetik beste bisitari tropel bat dator txapelik gabeko gidari segika.Labanderiako furgoneta heldu da pareko jatetxearen atarira. Azal koloreari erreparatuta turistak baino urrutiagotik etorria behar duen langileak furgonetaren atea zabaldu du indartsu, eta orgatxoarekin zihoan andrea bota du ia. Kargu hartu dio gizon edadetu batek. Desenkusatarako astirik gabe, plastikoan bildutako mantel zuriak deskargatzen hasi da. Ziztuan egin beharko du, zeren eskuinetik, jada zabalduta dauden toldoak ozta-ozta saihestuz, estolderia garbitzeko kamioia baitator. Orain turistak sudurra estali dute musukoa estutuz. Furgonetak ez dio pasatzen uzten eta kamioizaleak zerbait esan dio langile beltzaranari, erlojua seinalatuz. Sortu den nahasmendua baliatuz, tabernariak bi mahai, zortzi banketa eta egurrezko kartel hankabikoa (pintxos, montaditos y raciones) atera ditu kale erdira.
Ikusten al duzu? esan nahi duen keinua egin dit pareko balkoitik begira dagoen andreak.Gida txapeldunak Dora Salazarren eskulturaraino heldu nahi lukekonpetentziako taldea baino lehen, ardirik galdu gabe. Asteburuan pilatutako zakar poltsa hori handien artean, umea baloiaren bila dabil. Amak garrasi egin dio, zaborra ez ukitzeko. Pareko andreak umearen defentsa egin nahi izan du: «Lasai. Emakumea!». Eta erantsi du denok entzuteko moduan: «Marka da gero, guk zaborra edukiontzietara eraman behar eta hauek gure kalea dekoratzen!».Arrazoia ez zaio falta baina kontu hauek, dagokionari esatea besterik ez dauka, modu onean.
Cristina Lage Donostiako Turismo Zinegotziak garbi asko adierazi dio berriki Gipuzkoako Hitza-ko kazetariari: «Izugarri gustatzen zaigu ekarpenak entzutea, zer hobetu behar dugun jakitea. Baina abiapuntuan turismoarekiko arbuioa (rechazo esango zuen) baldin badago, gaizki goaz».
Musikariak ez du lekurik bere errepertorioa eskaintzeko. Nahikoa musika eta animazio dago gure kalean. Viva la gente hura ekartzen dit akordura, edo atzerago XIX. mendeko pintore kostunbristen Estampas Donostiarras haiek. Udaltzain pareak ere estanparen parte nahi du. Azalpenak ematen ari dira mapa handi bat zabalduta galdezka dabilenbikoteari. Zeren bila ote dabiltza, pintxorik onena, pintxorik tipikoena, pintxorik baskoena?
«Menuak euskaraz egotea, jendea euskaraz entzutea eta halakoak asko gustatzen zaizkio jendeari», esan zuen zinegotziak. Eta «herri-kirolak eta abar ere asko defendatzen ditugu», ere esan zuen. Txapelik gabeko gida prest dago Donostiako Suteari buruzko azalpenak aletzeko. Apur bat itxaron beharko du, ordea. Kamioia dator ezkerretik. Plazan sartu nahi du. Aulkiak dakartza. Ekitaldiren bat izango da gaur ere Trinian.
Gaurkoz, ikuskizunetik nahikoa dudala iritzita, itxi dut leihoa eta Donostiako Turismo Zinegotziaren beste adierazpen batekin nabil orain bueltaka. «Turistak gustura geratzeko gauza bat da behar-beharrezkoa: Gu zoriontsuak izatea gure hirian; jendeak sumatu egiten du hori».
Alde Zaharreko bizilagunak saiatuko gara horretan, baina batzuetan kosta egiten da, eta pittin bat laguntze aldera, ekarpentxo bat egin nahi nuke: Eta Udalak irribarrea margotuta duten musukoak banatuko balitu auzotarren artean?
ZUZENDARIARI
Irribarre egizu, arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu