ZUZENDARIARI

Auritzen hil zuten emakumeari buruz

Juan Bautista Zabaleta, 'Astaitz'.
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urriaren 19an irakurri dut BERRIAn Josu Jimenezen Gezurrak eta hezurrak artikulua. Hor esaten du 36ko gerra hasi eta handik laster emakume bat harrapatu zutela Ariben. Mugaz bestaldetik etorria omen zen, gazteleraz hitz egiten ez omen zekien ongi eta espioitzat hartu zuten. Auritzera eraman, eta udaletxean sartu zuten gatibu. Hurrengo egunean, kartzelatik atera, Oiarburu parajera eraman eta hil zuten, buruan sei tiro emanda. Hori da artikuluak dioena.

Nik ez nekien non gertatu zen heriotza hori, baina banuen horren berri. Gerra denboran, Leitzako Martikoneko bordako Joxe Miel Alkoz Iruñean apez zegoen eta gerrako historia askoren berri izan zuen. Hona hemen zer kontatu zigun 1958an, gure etxera bisitan etorri zen batean: «Gerra hasi zenean, emakume bat, gerrako zalaparta horrengatik burutik egin eta muga aldera joan zen. Emakume honek euskara besterik ez zekien. Harrapatu zuten muga inguruan eta kastillanoz nola batere hitz egiten ez zuen, ez zioten ulertzen eta errusieraz mintzatzen zela esan zuten. Espioi errusiarra omen zen. Eta errusiarrak nola ziren komunistak eta ez zuten erlijiorik, ez omen zegoen bataiatua. Orduan, aurrena bataiatu egin zuten eta gero hil».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA