Argindarra %7,2 garestitu da Hegoaldean

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
BILBO. Hego Euskal Herriko kontsumitzaile arrunt batek batez beste 69,28 euro ordaindu zituen abenduan etxeko argindarrarengatik; hau da, aurreko urteko hil berean baino %7,2 gehiago ordaindu du: 4,66 euro gehiago. Igoera horrekin gelditu da azken hemeretzi hilabetetako prezioen jaitsiera jarraitua, Facua kontsumitzaileen elkarteak azpimarratu duenez.

Hori hala, 2019ko apiriletik argiaren ordainagiriak izan duen urte arteko lehen igoera izan da abendukoa. 2020an zehar jaitsiera handiak izan dira; adibidez, aurtengo apirilean %23,8 merkeago zegoen argindarra 2019ko hil berean baino.

COVID-19arekin loturik hartutako mugikortasun neurriek-eta eragin handia izan dute energien prezioetan eta kontsumoetan. Argindarraren kasuan, kontsumoak ere behera egin du nabarmen azken hilabeteetan, eta bereziki industriaren sektorean. Energiaren Euskal Erakundearen arabera, batez beste %9,3 apaldu da 2020ko urtarriletik azarora bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Siderurgiaren kasuan, %18,3 txikitu da. Apiriletik azarora bitarte pilatu da jaitsiera horren zatirik handiena. Abenduan, berriz, buelta eman zaio joerari, eta iazko hil berean baino argindar gehiago kontsumitu da etxeetan eta industrian. Zerbitzuen sektorea azpitik dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.