Demokratek alde handiagoa izango dute Senatuan

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
WASHINGTON. Demokratek lortu dute AEBetako Senatuan zuten ozta-oztako gehiengoa apur bat handitzea. Azkenean, Raphael Warnock Alderdi Demokratako hautagaiak irabazi du, Georgian, Senaturako bozen bigarren itzulia. Garaipen horri esker, 51 ordezkari izango dituzte demokratek Kongresuko goi ganberan, eta 49 ordezkarirekin geldituko dira errepublikanoak. Beraz, Joe BidenAEBetako presidenteak bide errazagoa izango du agintari judizial eta administratiboen izendapenak onartzeko.

Emaitza oso estua izan da. Warnock apaiz baptistak botoen %51,1 bildu ditu, eta %48,6 izan dira Herschel Walker hautagai errepublikano eta futbol amerikarreko jokalari ohiarentzat. Walkerrek demokraten garaipena aitortu du, eta baretu egin dira emaitzak legez kanpokotzat jo zitzakeen kezkak.

Georgiako emaitzek baieztatu dute litekeena dela estatua gudu zelai nagusietako bat bilakatzea 2024ko presidentetzarako bozetan, aurretik Alderdi Errepublikanoaren gotorleku sendoetako bat izan den arren. Lehen itzulian ere, pare-parean izan ziren bi hautagaiak. Bietako batek ere ez zuen lortu botoen %50 eskuratzea, eta emaitzak behartu zuen herenegungo bozketa, senataria bigarren itzulian aukeratze aldera.

Walkerren porrotak ez dio mesederik egingo Donald Trump AEBetako presidente ohiari Etxe Zurira itzultzeko. Trumpek agintaldi erdiko hauteskundeetan babestu dituen hautagaiek emaitza eskasak izan baitituzte, oro har. Walkerrena izan da azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.