Legebiltzarra, migratzaileentzako bide seguru eske
GASTEIZ. Muga alde batetik bestera zeharkatzea «tranpa hilgarria» bilakatzen da egunero migratzaile askorentzat. Pertsona horien oinarrizko eskubideak urratzen dituen «drama» bat da. Eta alderdien eta instituzioen esku dago arazoari «erantzun arduratsua» ematea. Horrela dio EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean elkarrekin sinatutako legez besteko proposamen batek.
Eskaerak ere egin dituzte. Europako Batasunari galdegin diote migrazio eta asilo itun berriaren negoziazioen barruan korridore humanitarioak sortzea beren herrialdeetatik ihes egiten duten migratzaileek «igarobide seguruak» izan ditzaten. Era berean, Europako agintariei bereziki Espainiakoei eta Frantziakoei galdegin diete Bidasoa ibaian eta haren inguruan tragediak eragozteko neurriak har ditzaten, eta, halaber, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinaren aurka doazen «arraza, kolore, jatorri edo identitateagatik» diskriminazio traturik ez izateko mekanismoak martxan jar ditzaten. Bide beretik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote organo eskudunen aurrean eragin dezala, «diskriminazio traturik gerta ez dadin». Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu diote Europako Asilo Sistema Bateratuaren erreforma sustatzeko, «migratzaile guztien nazioarteko babeserako eskubidea bermatzeko» eta «pertsonak hiltzea eta desagertzea eragozteko».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.