Gaur ekingo diete Nafarroako Gobernua eratzeko bilerei

Pedro Sanchezek bereizi egin ditu Nafarroako egoera eta bere inbestidura, eta baztertu egin du trukean aritzea

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Sanferminetako geldialdiaren ondoren, PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak gaur ekingo diete Nafarroako Gobernua eratzeko bilerei. Lau taldeek hilaren 5ean adostu zuten gobernu programa. Haien artean parlamentuko 50 aulkietatik 23 dituzte —PSNk 11 dauzka, Geroa Baik bederatzi, Ahal Dugu-k bi eta Ezkerrak bat—, eta, Maria Txibite (PSN) Nafarroako gobernuburu izendatzeko, gutxienik EH Bilduren abstentzioa beharko dute —zazpi aulki ditu EH Bilduk—. Navarra Sumak irabazi zituen maiatzaren 25eko foru hauteskundeak, hogei ordezkari lortuta.

Joan den ostegunean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi zuen gobernu koalizioa nahi duela, eta bertan egotea Geroa Bai —horko kideetakoa da EAJ—-.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko gobernuburuak bereiztu egin ditu Nafarroako Gobernuaren osaketa eta bere inbestidura. Hala, baztertu egin du PSNk Navarra Sumak gobernua hartzearen alde egitearen truke PPk bere inbestidura ahalbidetzea Espainiako Kongresuko saioan. «Gauza bat ez da bestearekin nahastu behar», azaldu du Sanchezek, SER irratiko elkarrizketa batean.

Hilaren 23an egingo dute Espainiako presidentea hautatzeko lehen bozketa. Bigarren beharko balitz, hilaren 25ean. Sanchezen esanetan, PSOEk ez badu ateratzen inbestidura, «ez da beste gobernurik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.