Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %3,6 turista gehiago 2019an
GASTEIZ. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatu zuten turisten kopuruak gora egin zuen 2019an. Eustatek argitaratutako datuen arabera, 3.441.967 lagun izan ziren hiru lurraldeetako batean joan den urtean, 2018an baino %3,6 gehiago. Era berean, gora egin zuen ostatuetan turistek igarotako gauen kopuruak ere: aurreko urtean baino %3,3 gau gehiago.
Hazkundea, ordea, ez da orekatua izan hiru herrialdeetan. Hiruretatik bisitari gehien hartu zuena Bizkaia da (%46,9), eta, han, %3,9 gehitu ziren sarrerak. Hazkunde handiena, berriz, Gipuzkoak izan zuen; 2018an baino %5,6 bisitari gehiago hartu zituen, eta hiru lurraldeetako batera datozen bidaiarien %39,7 joaten dira hara. Araban, bestalde, behera egin dute zenbakiek: %2,9 murriztu da lurraldea bisitatu dutenen kopurua.
Turistak hartzen dituzten establezimenduen artean, apartamentu turistikoek gorakada izan dute azken urteetan. Joera hori baieztatu egin dute Eustaten datuek ere: gisa honetako apartamentuek 89.986 pertsona hartu zituzten 2019an, 2018an baino %13,5 gehiago. Nekazaritza turismo eta landetxeek, berriz, behera egin dute: 167.007 lagun hartu zituzten, aurreko urtean baino %3,1 gutxiago.
Prezioari dagokionez, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako ostaturen batean gaua igarotzeko 93,4 euro ordaindu behar izan ziren, batez beste; 2018an baino %3,2 garestiago. Gipuzkoa izan zen lurralderik garestiena.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.