Saizek parlamentuan utzi du 2021eko aurrekontu proiektua

Arnaldo Otegik esan du Espainiako aurrekontuak ere babestuko dituztela, «gauzak okertzen ez badira»

Unai Hualde eta Elma Saiz, atzo, Nafarroako Parlamentuan. I. PORTO / PARLAMENTUA.
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren eskutik jaso zuen atzo 2021eko aurrekontuaren lege proiektua. Urrats horrekin, hasiera eman zitzaion parlamentuko tramitazioari. Atzoko aurkezpen ofizialean, ezinbestean aurtengo egoera bereziari aipamena egin zion Saizek: «Azken mendeko osasun eta gizarte arloko krisirik handiena bizitzen ari gara, eta, ondorioz, salbuespenezko garaietarako salbuespenezko aurrekontu bat da, gastu mugaren igoera historiko eta guzti».

4.807 milioi euroko aurrekontua izango du Nafarroak. Saizek atzo nabarmendu zuenez, batetik, lege proiektuak «arlo publikotik» COVID-19ari aurre egiteko asmoa islatzen du; eta, bestetik, berreraikuntzari heldu nahi dio, Nafarroa Suspertu planaren bidez. Gobernuak EH Bilduren edo Navarra Sumaren babesa beharko du. Astelehenean, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak iragarri zuen akordioa laster ixtea espero zutela. Saizek aitortu zuen negoziatzen ari direla: «Akordiora heltzean, neuk emango dut horren berri gardentasun eta normaltasun osoz».

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak atzo baieztatu egin zuen Espainiako aurrekontuak babestuko dituztela, «azken orduan gauzak okertzen ez badira». Gobernuko taldeekin harreman oparoa dutela esan zuen. Pablo IglesiasEspainiako Gobernuko presidenteordeak ontzat jo du berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.