Uemako kide izango da berriz Lesaka, 2015an atera ondoren

Mankomunitateko 88. udalerria izango da, eta herri guztien artean 250.000 biztanleko eremua osatzen dute

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
LESAKA. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki zuen atzo Lesakako Udalak (Nafarroa), osoko bilkuran. Aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013. eta 2015. urteen artean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea.

Duela bi legegintzaldi, EH Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea, eta haren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioan zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenesteari «diskriminatzaile» iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Udalbatzako atzoko bozketan abstentziora jo zuen Geroa Baik.

Ladis Satrustegi alkateak adierazi duenez, Ueman sartzeko erabakia hartu dute aukera ematen duelako «udaletik soilik bideratu ezin diren euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko». Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera.

Lesaka Uemako 88. udalerria izango da, eta, herri guztiak batuta, 250.000 biztanleko eremu euskalduna osatzen du Uemak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.