Cimadek Hendaiako atxikitze zentroko egoera salatu du

Batez besteko atxikitze epea hamar egunez emendatu da. 163 lagun egon dira Hendaiako zentroan 2020an

Migratzaileen eskubideen aldeko mobilizazio bat, Hendaian. BOB EDME.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
HENDAIA. Cimade etorkinen laguntza juridikorako elkarteak Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroko egoera salatu du. Atzo aurkeztu zuen 2020ko datuen txostena, eta, bereziki, atxikitzeen epea azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, 2019ko datuen arabera, etorkinek 15 egun pasatzen zituzten atxikirik, batez beste. 2020an, berriz, 25 egunekoa izan da atxikitze epea, batez beste. «Berez, atxikitze denbora kanporatze bidaia prestatzeko egina da soilik», azaldu zuen Maite Etxeberri Cimadeko langileak. Pandemiaren eraginez, ordea, herri gehienetako mugak itxirik egon dira, baina Frantziako Poliziak atxikitzeak egiten jarraitu du, etorkinak kanporatu gabe.

Orotara, 163 pertsona egon dira atxikirik 2020an: horietarik %36,6 kanporatuak izan dira. Etxeberrik azaldu du guztiak Europako herrialdeetara kanporatu dituztela, mugen itxieraren ondorioz.

Pandemiarengatik, gainera, «lege diskriminatzaileak» sortu dira, Cimade elkarteak salatu duenez. Batetik, kanporatuak izateko beharrezkoa den PCR proba egitea ez onartzeagatik, Baionako Auzitegiak kartzela zigorrak betetzera kondenatu ditu hainbat etorkin. «Atxikitzearen eta atxiloaldiaren gurpil zoroan sartzen dira», salatu du Etxeberrik. Bestetik, pandemia garaian bideokonferentzia bidezko auzi saioak izugarri ugaritu direla gaitzetsi du Cimadek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.