ZUZENDARIARI

Egoitza

Mattin Intxausti
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Tamalez, Ikasle Abertzaleon Erronda kaleko egoitza dugu beste behin hizpide, Bilbon dugun egoitza bakarretik kaleratu baikaitu Sortu alderdiak, udan egoitzaren erabilera urritzea probestuz sarraila aldatu eta alarma jarriz atean.

Duela ia hiru hamarkadatik ikasle antolakundeak erabili eta mantendu duen Erronda kaleko egoitzaren titularitatea aldatu zuen Sortuk iazko irailean, azpijokoz eta egunerokoan erabiltzen dugunon ezkutuan, eta ordutik mehatxu izan dena sarrailaren aldatzearekin gauzatu du orain.

Ikasle Abertzaleontzat eta espazioa erabiltzen duten gainerako ikasle mugimenduko talde eta eragileentzat behar-beharrezko azpiegitura da egoitza. Sortu alderdia, aldiz, baliabide ekonomiko eta material ugariren jabe da, gure egoitza xumearen inongo beharrik ez duena bere jardunerako.

Herri mugimenduaren autonomiari eginiko eraso larri bat da, beraz, kaleratze hau, Sortuk bere kontrol politikoari ihes egiten dion herri mugimendua ekonomikoki itotzea beste helbururik ez baitu izan Ikasle Abertzaleok gure egoitzatik kaleratzean.

Jabetzaren titularitatea Sorturena izanagatik, jabetza legitimoa egunerokoan egoitza erabiltzen dugunona dela argi dugu, gure jardun politikorako erabiltzen dugunona. Ondorioz, lehenengo kaleratze mehatxua jasandakoan esan genuen bezala, espazio hau babesteko determinazio osoa adierazten dugu oraingoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.