Frankismoaren krimenen aurkako bi auzibide hasi dituzte

Andoaingo Udalak eta Sanfermines 78 Gogoan plataformak Argentinako kereilara gehitzeko eskatu dute

2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
ANDOAIN. Frankismoak eragindako krimenen aurkako bi auzibide berri hasi dituzte Hego Euskal Herrian: Andoainen (Gipuzkoa) eta Iruñean. Andoaingo Udalak sustatu du lehena; aho batez onartu zuen udalbatzan hori egitea. Oroituz taldeak jaso ditu 1936 eta 1970 urte artean frankismoak egindako krimenak; horretarako, herriko datuak eta lekukotzak bildu ditu. Horiek dituzte oinarri.

Andoaingo Udalak bi kereila jarriko ditu. Bat Tolosako epaitegian; udal ordezkariek aurkeztu zuten atzo, Oroituz-eko kideekin eta frankismoaren biktimekin batera. Udalak azaldu du ekintza horren bitartez «beste pauso bat» eman nahi dutela biktimen aitortzan. Bestetik, Andoaingo Udalak Argentinan martxan dagoen kereilara gehitzeko urratsak egingo ditu. Maria Servini epailea ari da kereila bideratzen.

Nafarroan ere, Sanfermines 78 Gogoan plataformak Argentinako auzibidean sartzeko eskatu dio Servini epaileari. Plataformaren ordezkariak Argentinan izan dira berriki, eta Servinirekin batzartu dira. German Rodriguezen heriotza ikertzeko eskatu diote, 1978ko sanferminetakoa. Gertakari horiek direla eta Rodolfo Martin Villa Espainiako orduko Barne ministroa itauntzea galdegin diote.

Horrez gain, plataformak elkarretaratze batera deitu du ekainaren 21erako, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, 19:00etan. Martin Villa epaitzeko eskatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.