Bi hildako Tongan asteburuan izandako tsunamiarengatik

Komunikazio azpiegiturek kalte handiak jasan dituzte. «Inoiz ez bezalako desastre bat» da, gobernuarentzat

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

SYDNEY. Lau egun dira Tonga uhartedian Hunga Tonga Hunga Ha'apa sumendiak eztanda egin eta ondorioz tsunami bat eragin zuela. Erupzioak kalte handiak eragin zituen komunikazio azpiegituretan, eta, horregatik, oraindik ere ia ezinezkoa da bertakoekin harremanetan jartzea. Zeelanda Berriko Defentsa ministro Peeni Henarek jakinarazi du tsunamiak bi hildako eragin dituela: Tongako herritar bat eta Erresuma Batuko beste bat. Tongako Gobernuak esan du «inoiz ez bezalako desastre bat» izan dela tsunamia.

[YouTube]https://youtu.be/KetOzmqj4rg[/YouTube]

169 uhartek osatzen dute Tongako uhartedia, eta 105.000 pertsona bizi dira han. Ingurua aztertzeko egindako hegaldietako irudietan ikusten denez, errautsez estalita daude uharteetako gehienak, eta kostako eremuak, suntsituta. Mango eta Fonoi uharteak dira kezka nagusia. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, oraindik ez dute lortu han bizi direnekin hitz egitea, baina laguntza seinaleak jaso dituzte handik. Bi uharteak itsasoaren maila berean daude, eta 105 pertsona bizi dira han.

Sumendia bera desagertu egin da ur azaletik. Sateliteen irudietan ikus daitekeenez, bi lur zati soilik geratzen dira azalean; aurrez baino askoz txikiagoak —lehen bi zati horien artean 1,2 kilometroko lur eremu bat zegoen—. Sumendia bera urpean geratu izanak zaildu egiten du haren aktibitatea kontrolatzeko adituen lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.