Konfinamenduaren ondoren, pandemiak eragindako murrizketak oraindik indarrean zeudenean, kontaezinak izan ziren Osakidetzako langileek, erakunde sozial, politiko eta sindikalen laguntzarekin, osasun zentroen aurrean egindako elkarretaratzeak, gure osasun-langileak eta baliabideak aspaldidanik jasaten ari diren egiturazko arazoaz ohartarazteko.
Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, hainbat eragilek adierazitako beharrizanei ez zien erantzunik eman, eta, gainera, datorren «kultura aldaketa» delakoari buruz hitz egin zuen; aldaketa horrek pazienteen eta osasun-langileen mugikortasuna ekarriko luke, baita erizaintzako profesionalek artatutako kontsultategiak ere, medikuek artatu beharrean, oporretako itxierak edo kontsulta telematikoak. Kultura aldaketa horren ondorio dira, besteak beste, Errenterian Beraungo anbulatorioko arreta-ordutegia murriztea, baina baita Bidasoko eskualdeko ospitaleko ebakuntza-gelak ixteko ahalegina edo hitzordua eskatzeko edo kontsulta bat izateko telefonoaren itxaronaldi luzeak ere; aldiz, profesionalek baliabide gutxiago dituzte beren lana egiteko.
Geure buruari egiten diogun galdera da: Eta orain zer? Aipatutako neurriekin osasun publikoa eraisteak, lankidetza publiko-pribatua goraipatzen den bitartean, ildo oso argia markatzen du, guztiz errefusatzen duguna.
Egoera horren aurrean, zerbitzu publikoetan murrizketak atzera bota, plantillak handitu, lehen mailako arreta indartu eta, azken batean, Osakidetzako prekaritatea eta behin-behinekotasuna amaitzeko politika aldatzea dira behar ditugun neurriak.
ZUZENDARIARI
Nola egin murrizketak, hala direla esan gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu