Urtaran: «Presoen harrerak etxean egin behar dira»

2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak (EAJ) Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan du euskal presoen harrerak modu pribatuan egin beharko liratekeela: «Haien etxean egin beharko lirateke harrerak, bestela biktimak berriz ere iraintzen direlako».

Euskal presoen ongietorriek sortutako auziaren inguruko gogoeta egin beharko luke ezker abertzaleak, Urtaranen arabera: «Presoen harreren inguruko hausnarketa bat egin behar dute, eta berriz pentsatu nola egin ongietorriak». Aitortu du «ulertzen» duela guztiek dituztela seme-alabak, eta horiek «egindako edozein astakeria» barkatzeko gai direla. Hori «saihetsezina» dela, baina azpimarratu du ekitaldiak modu publikoan ezin direla egin.

«Ekitaldiak publikoan egitea bi arrazoirengatik da larria; batetik, biktimak eta haien senideak iraindu egiten direlako berriz, eta, bestetik, ez dutelako damurik agertzen», ohartarazi du Urtaranek.

Bestalde, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko buruzagiak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak auziaren inguruan hartutako jarrera: «Twitterreko txio batean gaitzetsi dute, bai, baina gero ez dute legea betearazten». Gonzalezek esan du «lotsagarria» dela kalean halako harrerak egitea onartzea, eta Jaurlaritzari eskatu dio esku hartzeko: «Badu eskumena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.