Navarra Sumak PSNri eta GIHri akordioa eskaini die Uharten

EH Bilduk salatu du Nafarroako gobernu berriaren egituraketa «guztiz neurriz gainekoa» dela

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
UHARTE. Navarra Sumak «akordio konstituzionalista bat» osatzea proposatu die PSNri eta GIH Uharteko Talde Independenteari, Nafarroako herri horretan EH Bilduk alkatetza lor ez dezan. Maiatzeko hauteskundeetan, EH Bildu izan zen Uharteko lehen alderdia, bost zinegotzi lortuta. Hala ere, Amparo Lopez sozialistak bere hautagaitza aurkeztu zuen, eta GIHren eta Navarra Sumaren botoak jaso zituen, EH Bilduk alkatetzari eustea galarazteko.

Herenegungo osoko bilkuran, ordea, dimisioa eman zuen Lopezek, Txibitek Nafarroako Barne Kontseilaritzako zuzendari nagusi izendatu duelako. Hortaz, behin-behineko alkatea aukeratu zuten: Iñaki Crespo, GIHko zerrendaburua. Datorren asteko ostegunean egingo dute alkate berria aukeratzeko bilkura, eta Navarra Sumak iragarri du «baliabide guztiak» jarriko dituela saihesteko «edozein konponketak alkatetza ezker abertzaleari ematea».

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren egituraketa berriak ekar ditzakeen gastuen eta konfiantzazko pertsonen igoeraz galdetu du EH Bilduren talde parlamentarioak. Izan ere, indar subiranistak nabarmendu du Txibite buru duen gobernuak prestatutako egituraketa «guztiz neurriz gainekoa» dela eta funtzioak «bikoizten» dituela. EH Bilduk salatu du gizarteak ez duela «merezi halako neurriz gaindiko gasturik jasatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.