Uztailaren 5ean jakingo da ea Haranburu aske utziko duten

Baldintzapeko askatasunaren eskaera aztertu dute Parisen. Martinek jasotako tratua salatu du Sarek Bilbon

Sarek atzo Bilbon egindako elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
PARIS. Parisko Dei Auzitegiak uztailaren 5ean jakinaraziko du Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren askatasun eskaeraren erabakia. Atzo aztertu zuten eskaera: prokuradoreak baldintzapeko askatasuna ez onartzea galdegin zuen; aldiz, defentsak bezala, Lannemezan (Okzitania) kartzelako zuzendariak aldeko iritzia azaldu zuen —han dago preso Haranburu—.

Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak fiskalaren jarrera deitoratu du: «Prokuradoreak ez du testuinguru politiko berria kontuan hartu. Auzitegian adierazi du borroka armatua itzultzeko aukerak badirela, eta beraz Haranburu arrisku bat dela oraindik. Uztailaren 5era arte itxaron beharko dugu epailearen aldetik aldaketarik baden ikusteko».

Unai Parotek, Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen moduan —aurrena Espainiako Estatuan da preso, beste biak Frantziakoan—, 30. urtea hasi du kartzelan. Bizi osorako zigorra izan arren, 2008tik Haranburuk aukera dauka baldintzapean libre ateratzeko eskaera egiteko, baina orain arteko guztiak ukatu egin dizkiote.

Atzo Senperen (Lapurdi) elkarretaratze bat egin zuten haren askatasuna galdegiteko, Bagoaz-ek antolatuta.

Bilbon ere izan zen atzo elkarretaratze bat, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean: Txus Martin euskal preso eriak aurreko egunetan jasandako «tratu bidegabea» salatu zuen Sarek. Larri gaixorik diren euskal presoen berehalako etxeratzea eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.