Erorien Haranean 1.231 herritar daude, Jaurlaritzaren arabera

Erorien Harana, Madrilen.
Erorien Harana, Madrilen. BORJA MENDEZ / EFE

Berria -

2019ko ekainak 11
GASTEIZ. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan ehortzita egon eta Erorien Haranera eroandako pertsonen zerrenda osatu du Gogora institutuak; sortzez hiru herrialdeotakoak izan baina Espainian ehortzita egon eta Erorien Haranera eroandakoak ere zenbatu dituzte. Atzo bidali zuen txostena Eusko Legebiltzarrera. Guztira, Erorien Haranean egon daitezkeen 1.231 herritarren zantzuak topatu dituzte: 1.076 gorpuzki dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hilerrietatik ateratakoak.

Gogorak hainbat iturritatik edan du azterlana egiteko. Txostenaren arabera, «gehienak» familiaren baimenik gabe eroan zituzten Madrilera. Soilik 257 kasutan baieztatu ahal izan dute «nolabaiteko» baimen batekin eroan zirela. Bi kasutan, familiak aurkako jarrera erakutsi zuela frogatzen duten agiriak topatu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar familia ari dira euren senidearen gorpuak Euskal Herrira ekartzeko prozedura osatzen; zazpik Gogoraren laguntza jaso dute.