Colonna preso korsikarra koman dago

2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
MARSEILLA. Yvan Colonna preso korsikarraren egoeraz mintzatu ziren atzo Marseilla iparraldeko (Okzitania) ospitaleko medikuak, eta azaldu zuten Colonna koman dagoela; zehazki, esan zuten haren garunera ez dela oxigenorik iristen. Hori bai, ez zioten zauririk ikusi burmuinean, eta, beraz, medikuen iritziz, «datozen 36 orduak erabakigarriak» izango dira militante nazionalistarentzat.

Herenegun, Frantziako eta Korsikako hedabideek jakinarazi zuten Colonna larri zegoela, beste preso batek jipoitu ostean; erasotzailea jihadismoagatik zigortu zuten, eta atzo esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista.

Terrorismoaren kontrako Frantziako ministerio publikoak ikerketa bat abiatu du, eta Justizia Ministerioak atzo esan zuen kasua argitu beharra dagoela.

Korsikako gobernuburu Gilles Simeoniren iritziz, Frantziako Estatua gertakariaren «errudun zuzena» da: «Hurbilketarako eskubidea aplikatu izan balute, gaurkoa [herenegungoa] ez zen gertatuko».

Colonna Arlesko (Okzitania) kartzelan ari da betetzen bizi guztiko espetxe zigorra, Claude Erignac prefetaren hilketagatik (1998) kondenatu baitzuten—DPS bereziki zainduriko estatusa du—; urteotan presoak behin eta berriz esan du errugabea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.