Osoko zuzenketa aurkeztuko du Elkarrekin Podemos-IUk

Proposamen estrategikoei betoa jarri izana leporatu dio Jaurlaritzari. EH Bilduk saiakera berri bat egingo du

Miren Gorrotxategi, atzoko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Elkarrekin Podemos-IUk eta Eusko Jaurlaritzak ez dute lortu 2022ko aurrekontuen inguruan ados jartzea, eta Miren Gorrotxategi bozeramaileak adierazi du osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela, gobernuak uko egin baitio koalizioaren «proposamen estrategikoez» hitz egiteari. «[Pedro Azpiazu Ogasun kontseilariak] esan dit datorren urtean ikusiko dugula elkar», esan du eledunak. EH Bilduk, berriz, negoziatzen jarraitzeko saiakera berri bat egingo du.

Elkarrekin Podemos-IUk hiru zuzenketa nabarmendu zituen bere proposamenean: energia enpresa publiko baten sorrera sustatzea, larrialdi egoeraren ostean kontratua berritu ez zaien 4.000 osasun langileak berriz kontratatzea, eta hezkuntza publikoa indartzea. Agerian geratu da, ordea, horien aurrean Jaurlaritzak duen «interesik eza», Gorrotxategiren ustez. Hartara, eledunak adierazi du gobernua izan dela akordio bati «betoa» jarri diona. Jarrera horren aurrean, gainera, koalizioak energia enpresa publiko bat sustatzeko lege proposamena aurkeztu du legebiltzarrean.

EH Bilduren Mahai Politikoak, berriz, Jaurlaritzari proposamen berri bat bidaltzea adostu du—gaur aurkeztuko dute—, Azpiazuk joan den astean eginiko eskaintzari erantzuteko. Koalizio subiranistaren ustez, gobernuaren proposamenak «gabeziak» ditu, «bereziki konpromiso politikoen esparruan», baina, neurri ekonomikoei dagokienez, «aurrera egiteko aukera» ikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.