'Another Day of Life', Europako animaziozko pelikularik onena

European Film Awards jaialdiak saritu egin du Raul de la Fuente nafarraren eta Damian Nenow poloniarraren lana

2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
ZINEMA.Larunbatean egin zen EFA European Film Awards sarien banaketa, Sevillan (Espainia), eta 2018ko Europako animaziozko film onenaren saria jaso zuen bertan Another Day of Life filmak. Raul de la Fuente iruindarrak Damian Nenow poloniarrarekin batera zuzendutako pelikula da, eta, ekoizpena poloniarra dela azpimarratzen den arren, Donostiako Kanaki etxearen ekarpena funtsezkoa izan da.

Ryszard Kapuscinski kazetari ospetsuaren liburuan oinarrituta, Angolako independentzia eta ondorengo gerra lantzen ditu filmak, eta animazioa, artxiboko irudiak eta elkarrizketak uztartu dituzte horretarako. Herrialdea Portugalen menpe egon zen azken egunak kontatzen ditu, 1975. urtekoak, eta duela gutxira arte iraun zuen gerra ere azaltzen du.

Donostiako Zinemaldian ikusleen saria irabazi zuen pelikulak, eta urriaren 26an estreinatu zen zinema aretoetan; aurkeztu zenetik, arrakasta bilduz joan da pelikula. Animazio saileko 2019ko Goya saria jasotzeko hautagaien artean ere badago Another Day of Life.

Jakinarazi dutenez, heldu den urteko urriaren 23tik aurrera plataforma digitaletan izango da filma, eta DVD formatuan ere argitaratuko dute lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.