Iratxe Sorzabal Espainiaratzea onetsi du epaileak

2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
PARIS. Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontra aurkeztutako hirugarren euroagindu eskaera onartu zuen atzo Parisko Dei Auzitegiak. ETAk 1995ean Alacanten (Herrialde Katalanak) eginiko atentatu bategatik eskatu zuen Madrilek, presoa Espainian epaitzeko. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiko fiskala euroagindu eskaera onartzearen alde agertu zen joan den otsaileko auzi saioan, eta epaileak ere antzera jo zuen atzoko deliberoan. Cachenautek iragarri du Kasazio Auzitegira joko dutela.

2015ean atxilotu zutenean, Sorzabalen tortura salaketak frogatzeko prozedura bat irekitzeko eskatu zion Cachenautek instrukzio epaileari. Istanbulgo Protokoloa ezarri, eta Sorzabalek mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian: «Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; trauma osteko estresa antzeman zion», azaldu zuen abokatuak. Epaileak, ordea, ebatzi du, Sorzabalen torturak frogatuak badira ere, horrek ez duela aldatzen aferaren mamia, Sorzabalek ez zituelako gezurtatu torturapean egindako adierazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.