Leherketa kimiko batean pertsona bat hil da Katalunian

Etileno oxido biltegi bat zartatu da, eta su hartu du. Zortzi langile zauritu dira, erredurekin; beste baten bila ari dira.

Suhiltzaileen 29 talde joan zirenen larrialdiaren lekura. BERRIA.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
BARTZELONA. Lantegi kimiko bateko biltegi bat lehertu zen atzo arratsaldean Tarragona ondoan, Canonja herrian. 18:40 zirenean leherketa handi bat sumatu zen Iqoxe enpresaren eremuan, eta biltegi batek su hartu zuen. Etileno oxidoa biltegiratzen zuen, eta erraz hartu zuen su inguruak, baina ez zen lantegitik kanpora hedatu. Gutxienez zortzi langile zauritu ziren ezbeharrean. Ospitalera eraman zituzten guztiak, haietako bi erredura oso larriekin. Beste langile bat desagertuta zegoela jakinarazi zuten zaurituek eurek, eta atzo gauean haren bila jarraitzen zuten suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek.

Leherketarekin batera, inguruko auzo batean etxe baten egiturak eman egin zuen, eta behera erori zen parte batzuetan. Ezbehar horretan bizilagun bat hil zen. Tarragonako Torreforta auzoan gertatu zen hori.

Sutea kontrolpean hartzeko lanean ari ziren suhiltzaileak edizio hau ixteko orduan. Egoera «egonkorra» zela, baina oraindik ez zutela mendean hartu, eta gauean erabat itzaltzea espero zutela adierazi zuten.

Momentu larriak bizi izan zituzten Tarragona aldean leherketa gertatu zenean. Arrisku kimikoa egon zitekeelakoan, bizilagunei etxetik ez ateratzeko agindu zieten. Iluntzean, Generalitateko adituek aire neurketak egin zituzten, eta airean isuri kimikorik ez zegoela berretsi zuten. Industria petrokimikoak Europa hegoaldean duen eremu handienetako bat da Vila-seca eta Tarragona artean dagoen hori; 1.200 bat hektarea ditu, eta 30 bat enpresak dituzte beren azpiegiturak bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.