ZUZENDARIARI

Ezin dugu ahaztu

Irati Aranzabal Zuloaga.
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ezin hitzekin azaldu une honetan sentitzen dudana. 34 urteren ondoren sakabanaketa amaitzen dela jakin berri dugu, azken bost euskal presoen Euskal Herriratzearekin. 1989an mendeku eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika hiltzaile, ilegal eta kriminal baten bukaerara iritsi omen gara.

Urte horietan guztietan eskubide urraketak etengabeak izan dira, gure senide presoentzat ez ezik, etxean ginenontzat ere. Ezin baititugu ahaztu sakabanaketaren ondorioz hil diren hamasei senide eta lagunak. Sakabanaketak ahalbidetu zuen osasun asistentzia txarra, hainbat presoren heriotza ekarriz. Ezin ahaztu ikasteko eskubidearen debekua, kriminalizazioa nola hasi zen eta ondoren ezin eskubide hori gauzatu. Ezin dugu ahaztu espetxeetan ehunka kilometrora izan arren jasotzen zuten elkartasun eta maitasun uholdeak mozteko asmoz nola sortu zituzten bisitetarako lagunen hamarreko zerrendak. Ezin dugu ahaztu nola sumario berriak asmatu zituzten beraien kaleratzeak ekiditeko asmoz eta doktrina madarikatu baten izenean espetxean urteak oparitu zituztela. Ezin dugu ahaztu kalean beharko luketela askok hirugarren graduarekin, eta, horren ordez, berriz espetxera bidaltzen ari direla. Urteak daramatzagu beraien legea dena bete dezatela eskatzen.

Urte hauetan guztietan zehar itzelezko kostu ekonomikoa ekarri digu sakabanaketak senide eta lagunei, gure bizitza baldintzatzeraino. Izan ere, hilean bi, hiru bisita egin behar izan ditugu unearen arabera, beraiek bisitarik gabe geratu ez zitezen. Ate denak jo ditugu espetxeetako egoeraren berri emateko asmoz. Ez dira batere errazak izan 34 urte hauek. Baina duintasunez bizi izan ditugu, eta, nola ez, maitasunez. Horren adibide ditugu egindako harremanak espetxeetarako autobusetan, furgonetetan, senideen bileretan... Zenbat irribarre konplize, malko, besarkada bero! Harrotasunez eta emozioz betetzen nauten pasarteak, bizipenak... gogoratze hutsak emozionatzen nautenak. Anekdotak diruditenak orain!

Apirilaren 2an gure herritarra den Unai Parotek 33 urte espetxean beteko ditu; espetxe politika anker honen eredu garbia dugu bera. Unaik kalean beharko luke egon legea, beraien legea, aplikatuz gero. Baina beste behin bere kaleratzea exijitzea tokatzen zaigu, eta bai eginen dugula.

Zalantzarik gabe berri pozgarria da jaso berri duguna, baina badago oraindik bidea egiteko. Etxean faltan ditugu senide asko oraindik ere, espetxean edo erbestean jarraitzen dutelako, eta jada gurekin nahi ditugu. Urte hauetan guztietan bidelagun izan zaituztegun denoi eskerrak eta besarkadarik beroena. Elkartasuna zer den ongi baino hobeto erakutsi dugu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.