Zero azpitik hogei gradu erregistratu dituzte Urbasan

Baliteke izotza egitea Hegoaldean gaur eta bihar, eta abisu horia ezarria dago. Elurteak ere egon daitezke.

Zero azpiko tenperatura erregistratu da Gasteizen ere. RAUL BOGAJO / FOKU.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Hotza da nagusi azken egunotan Euskal Herrian, eta aspaldiko minimorik baxuenak erregistratu dituzte han-hemenka. Eskaini dituzten datuen arabera, Nafarroan atzeman zituzten tenperaturarik hotzenak atzo. Hain zuzen, Urbasan zero azpitik hogei gradu erregistratu zituzten, eta Erremendian (Zaraitzu), berriz, hemeretzi. Abisu horia ezarria dute datozen orduetarako ere lurraldean, izozteengatik eta elurteengatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, berriz, Araban erregistratu ziren tenperaturarik hotzenak atzo. Esate baterako, Iturrietan zero azpitik 15,8 gradu atzeman zituzten; Agurainen, 13,9; Eginon, 12,6; eta Espejon, 6,8. Hala ere, beste bi lurraldeetan ere erregistratu zituzten zero azpitiko tenperaturak. Gipuzkoan, Berastegin zero azpitik 7,4 gradu detektatu zituzten, eta Andoainen, 2,9. Bizkaian, berriz, Urkiolan egon zen tenperatura hotzena: 5,5 gradu zero azpitik. Gainera, gaur eta bihar ere indarrean egongo da abisu horia, izozteengatik. Are, bihar elurteengatik abisu bera ezarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.