Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

EAJ eta EH Bildu kexu, eztabaidan euskal gairik ez zutelako aipatu

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
BILBO. Espainiako telebista publikoan eztabaida egin zuten, herenegun, Pedro Sanchezek, Pablo Casadok, Pablo Iglesiasek eta Albert Riverak, PSOE, PP, Unidas Podemos eta Ciudadanoseko presidentegaiek. Atzo, EAJk eta EH Bilduk eztabaida horri buruzko balorazioa egin zuten; Aitor Esteban jeltzaleen Bizkaiko zerrendaburuak nabarmendu zuen «Euskadi jaurtigai gisa» baino ez zutela aipatu eztabaidan, eta ez «euskal herritarrei interesatzen zaizkien gaiak ateratzeko edo konponbideak bilatzen saiatzeko». Motzean azaldu zuen Estebanek jeltzaleen posizioa: «EAJ ez badago, Euskadi ez da existitzen».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak, berriz, bere burua jo zuen eztabaidaren garailetzat, parte hartzeko aukerarik izan ez zuen arren: «Bederatzi aldiz aipatu naute, zazpi aldiz aipatu dute EH Bildu, eta nire argazkia erakutsi dute beste bi alditan. Beraz, agerikoa da debate hau geuk irabazi dugula, han bertan egon gabe ere». Erantsi zuenez, «agerikoa da eskuinarentzat eta eskuin muturrarentzat etsai bat garaitu» beharra dagoela: «Batzuek ez gaituzte nahi Espainiako Kongresuan. Zer arrazoi gehiago nahi duzue, euskal herritarrok, botoa EH Bilduri emateko?».

Espainiako lau alderdi nagusietako presidentegaiek beste eztabaida bat egin zuten atzo iluntzean, Atresmedia enpresako kateetan. Eztabaidara joatekoa zen Vox ere, baina Hauteskunde Batzordeak Atresmediari agindu zion eztabaidaren formatua alda zezala, Voxek ez baitu ordezkaritzarik Espainiako Kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.