Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Maskararekin eman beharko da botoa hauteskundeetan

Identifikatzeko garaian, hauteslekuetako mahaiko kideek ezingo dute boto emaileen NA eskuan hartu.

Estefania Beltran de Heredia sailburua, atzoko agerraldian. IREKIA.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
GASTEIZ.Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko, osasun eta segurtasun neurriak izango dira. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea betebeharreko neurriak izango dira hauteskunde egunean. Horrez gain, Beltran de Herediak aholkatu zuen botoa etxetik prestatuta eramatea.

Beste aldaketa batzuk ere egongo dira datorren igandean. Mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen NA. Sarreran eta irteeran ere gel hidroalkoholikoa jarriko dute, eta maskarak ere egongo dira jantzita ekartzea ahaztu zaien herritarrek erabiltzeko. Hauteslekuetako sarbideak ere kontrolatuko dituzte, jende pilaketak egon ez daitezen, eta seinaleen bidez adieraziko dituzte ibilbideak. Hala ere, Beltran de Herediak ziurtatu zuen«normaltasun, konfiantza eta lasaitasun osoz» joan daitekeela botoa ematera. Mahaiko kideentzako materiala ere banatzen ari dira. Kaxa bakoitzean, maskara kirurgikoak, gel hidroalkoholikoa, botoa kontatzeko orduan erabili beharreko FFP2 maskarak eta eskularruak egongo dira. Botoak eskularruak jantzita kontatu beharko direnez, uste dute emaitzak ordu erdi inguru atzeratuko direla. Aldaketa horiek guztiek hauteskundeetako gastua %10 handiagoa izatea aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.