Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Genero indarkeriaren aurkako inbertsioa %30 igoko du EAJk

Iñigo Urkullu lehendakarigai jeltzaleak adierazi du berdintasuna lehentasuntzat duela EAJk

Iñigo Urkullu atzo, alderdikideez inguratuta, Bilbon. BERRIA.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
BILBO. Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria hartu zituen hizpide atzo goizean, hauteskunde kanpainaren barruan Bilbon egin zuen ekitaldian. «Berdintasuna lehentasun bat da EAJren programan», esan zuen. Horregatik, bost konpromiso xehatu zituen: lehenik, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako itun handi bat proposatu zuen, zeina erakunde, enpresa, komunikabide eta gizarte eragileen arteko talde lanarekin ondu nahi duen. Bigarrenik, indarkeria matxistarik gabeko gizarte batean aurrera egiteko, prebentzioan eta arretan egun egiten den inbertsioa %30 igotzea proposatu zuen. Hirugarrenik, hezkuntzan eta hezkidetzan dauden programak garatzeko konpromisoa azaldu zuen. Zaintza erdigunean jartzea ere azpimarratu zuen, «kontziliazio erantzukidea bultzatuz, zerbitzuak indartuz, 0-3 urte arteko arreta eta mendeko pertsonen arreta emateko zerbitzuak indartuko ditugu», esan zuen, zehaztu gabe zein neurriren bidez egingo duen hori. Bosgarrenik, eta azkenik,soldata arrakala murrizteko konpromisoa hartu zuen, «Gure helburua da genero berdintasun handiena duten Europako zortzi herrialdeen artean kokatzea», gaineratu zuen Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.