Haizea Barcenilla
ZUZENDARIARI

Gustatzen zaizkizun artistak

2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Zein kaltegarria den jenioaren ideia, zenbat min sortzen duen. Sinetsita gabiltza jaiotzetik sormena soinean daramanari gizarte faktoreek ez diotela eragiten. Arteaz beste, ez du ezer ezta inor behar. Horretan ere artea aitzindari omen: neoliberalismoa sortu aurretik, izaki neoliberal perfektua eraiki zuen jada, self-made man famatua. Autonomoa (askea) eta lanari (arteari) leialki emana. Begira zein gaixo zegoen Van Gogh, eta ez zion sekula lan egiteari utzi. Eta inpresionistak, euren estudio zakarretan gose, zuten diru gutxia pinturan gastatzen zutelako. Zenbat musikarik, zenbat idazlek nahiago izan dute gosez hiltzea euren artea uztea baino! Benetako artista sormenaren gailurrera iritsiko da, datorrena datorrela. Hortik ebazten da gailurrera iristen ez dena ez zela uste bezain artista.

Halako buru pribilegiatuek egoerarik latzenetik (batez) ere inspirazioa atera dezakete. Rosaliak bezala: elkarrizketa batean kontatzen du isolamendua konposatzeko erabiltzen ari dela. Normala: ez al dira artelanik bikainenak sufrimendutik sortzen?

Bada, ez. Rosalia Miamiko luxuzko etxe batean dago, igerilekua eta lorategia included; ez du kontzerturik galduko, eta aberats okatua da, berak badaki eta guk ere bai.

Rosaliaren egoerarik ez dago Euskal Herrian. Hemen sortzaileak antsietateak jota daude, egoera oso larrian. Horregatik aztoratzen naute itxialdia inspirazio ederra izan daitekeela diotenek, zerbait berria sortzeko unea. Sinesmen zabaldua da, gainera; horren adibide, komunikabideek artistei eskatutako dohaineko kolaborazio eder eta originalak. Ez al da hori artistengandik espero dezakeguna?

Jendeari ez omen zaio burutik pasatu COVID-19aren aurretik ere kulturgileen taldea oso zaurgarria zela, pobrezian bizi zena, hein handian. Sosik aurreratu gabe bizi dira sortzaile gehienak, edo bestelako lanekin osatzen dute ordaina. Bertan behera geratu diren ekimenekin, alegia. Argi esateko: gustatzen zaizkizun idazle, bertsolari, aktore, musikari eta artista askok ez dute alokairua ordaintzeko diru nahikoa izango maiatzean.

Eta errealitate hori jakina bada ere, Eusko Jaurlaritzak erabaki du kultura salbatzeko plan berezirik ez egitea. Are gehiago, oso zabaldua dago artistak alfertzat hartzea: inork ez du eskatzen ERTEan etxera bidalitako kamareroa koktelak online egiten irakasten ibiltzea, jasotako diru publikoa justifikatzeko. Artistek, ordean, lanean jarraitu behar dute, sareetan sormen berriak zintzilikatzen, publikoari alaitasuna igortzen; diru publikoa jasoko badute, itzul dezatela zerbait bederen.

Kontua da, orain arte, ez dela egon artisten langabeziarik, eta krisiak alde egin ahala desagertuko da berriz. Dagoena da kapitalismorik basatiena eta produktibitatean eta produktuen salmentan oinarritutako sistema. Eta salduta utzi dituen instituzioa. Guzti-guztia jeniotasunaren ideia erromantikoaren atzean ezkutatua: krisi honetatik bizirik ateratzen denak erakutsiko du balio duela, eta besteak... agian ez ziren benetako artistak, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.