ZUZENDARIARI

Donostia nafarra da berria

Jexux Agirresarobe eta Iñaki Idigoras Igartua.
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
BERRIA egunkarian jakin dugu Alemaniako bidaia agentzia batzuek Nafarroa promozionatzeko kartel bat atera dutela, Donostiako badia ederraren argazkiarekin. Nork ez luke nahi horrelako paisaiarik bere lurretan!

Kartelak antzinako Erresuma Nafarrari egiten dio erreferentzia. Gertakariaren berri eman duen Julen Otaegi Leonetek zera idatzi du: «...Nafarroako turismoaren iragarkietan. Beste nonbaiteko irudiarekin, ordea: Donostiaren irudi orokor batekin».

Uste dugu alemaniar horiek jakingo dutela behinola Donostia Nafarroako Erresumaren hiri garrantzitsua zela. Antso VI.a Jakitunak forua eman zion 1181ean, eta irudiaren erdi-erdian zegoen, Urgull gainean, Motako gaztelua. Kartelak adierazten duena zuzena da, beraz, Donostia ez baitzen «beste nonbaiteko» garai haietan. 1200eko konkistaren buruan bereganatu zuen Gaztelak, Gasteizko bederatzi hilabeteko setioaren prozesu berean.

Orain «beste nonbaiteko» garen zailagoa da erantzuten, errealitateak hori islatzen baitu: Espainiako komunitate desberdinetakoak garela. Baina eta, zer dio gure gogoak? Ontzat ematen ote dugu bortxaz, gure borondatearen eta legeen kontra kendu digutena? Guretzat, bat gara. Bertoko, eta ez beste nonbaiteko.

Txibiteri ez zaio kartela gustatu; normala, berak ordezkatzen duen espainiartasunarendako; nola bat eginda ipini lur baskoak Nafarroarekin! Berarekin bat egingo ote du Urkulluk?

Gustura hartu ditugu Alemaniako berri freskoak, gertakari zahar berrituak, politikoki bat ginen garaikoak. Uste baitugu euskaldunok, nor izango bagara, batuta eta inoren menpe egon gabe izango garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.