Albistea entzun

Literatura. 'Hutseaniko hazkurria eta beste'. Joxemiel Bidador

Ni egiati baten azken testigantza

Beñat Sarasola -

2011ko otsailak 13

Egilea: Joxemiel Bidador.

Argitaletxea: Pamiela.

Joxemiel Bidador zena euskal kulturako gehiengoarentzat ezezaguna zen arren bere heriotzaren aurretik, bere biografiaren begiratu soil batek idazle nekaezina zela erakusten du. Dantzaren ikertzaile, euskal poesiaren historiako poeta ezkutuen (Alexander Tapia Perurena, Joxe Agerre Santesteban) aztertzaile eta sustatzaile, eta baita poeta ere. Hil ondoko liburu hori zendu aurretik argitaratzear zegoen Hutseaniko hazkurria poemategiak eta laurogeita hamargarren hamarkadan idatzi eta sarituak izan ziren bi poema soltek —Andrea eta desgizonaren gauzatzea eta Garañoko gatazkaren bart bezperan egin besta isila— osatzen dute. Hala, Bidador poetaren lan guztien bilduma goiztiar eta zoritxarrekoa da Hutseaniko hazkurria.

Zoritxarrekoa, lehenik eta behin, heriotzaren drama humanoagatik beragatik, jakina, baina baita Bidadorrek gure poesiagintzako erreferente izateko aukera ugari zituelako ere. Ez dira honakoak hil ondoko laudoriozko hitz debaldekoak. Ez nuen iruindarraren lanik ezagutzen poemok irakurri arte, baina ale horiek nahikoak dira idazlearen ekarri poetiko indartsua atzemateko.

Poesia molde egiati eta itxurakeria gabea da Bidadorrena, bereziki Hutseaniko hazkurria-n. Ni garbi eta tinko bat da hitz bakoitzaren atzean gordetzen dena, gupidagabea gizartearekin, poesiarekin nahiz bere buruarekin. Apustu hori argi eta garbi geratzen da lehenengo ataleko estreinako eta azkeneko poemetan. Azken honek baditu zenbait lerro argigarri: «Nia ez da agertzen egungo (euskal) poesia (post)modernoan, / baizik ere niaren proiekzio faltsua, / karikatura, Platonen itzalen antzera». Ezagun da postmodernitatean mozorroa eta simulakroa direla gailentzen, benetakotasuna zein originaltasuna entelekiatzat hartzen direlako. Bidadorrena, hortaz, halako poesia moderno, eta zenbaitetan are klasiko ere, baten aldarrikapena eta praktika dugu. Agerikoa da, esaterako, XX. mendeko lehen erdiko poeten eragina —hots, euskal poesia modernoaren aitzindariena— hitza lotu eta ontzeko moduan eta baita zenbait irudietan ere; esate baterako, mendiarena, Lizardi zein Lauaxetan behintzat present dena. Izan ere, hizkuntza lantzeko halako joera estetizista du, gaur egun ia aurkitu ezinezkoa dena, eta nafarreraren zirrikitu oro miatzen dituena. Esango nuke, gainera, joera hau, oso markatua dena bi poema solteetan, gaurkotasun eta indar handiagoko beste arnas batekin lotzea lortu zuela Hutseaniko hazkurria-n. Huraxe baita, zalantzarik gabe, liburuko zati funtsezkoena eta Bidadorren heldutasun poetikoa adierazten duena.

Arestian esan bezala, gure gizartearen inguruko hausnarketa kritikoak ere azaltzen zaizkigu. Orokorrak eta ez hain orokorrak, zeren, besteak beste, San Fermin jaien kritika zorrotza da horietako bat: Sanferminetan Lindus. Horien arten ditugu, orobat historiaren eta Nafarroako Erresumaren ingurukoak, nafar batengandik ia ekidinezinak diren hausnarketak. Bere ñabardurak ere aski interesgarriak dira: «Amaiurren ez nintzatekeen egonen, / baina Oskiateko bidetik lekuko, / gaztelatzealdia mingarri zitzaidan / niri ere, / eta pairagaitza, / ene borroka ez izanagatik / nerau ere / eraman ninduelako, / besteen antzera, hirira preso».

Liburu hunkigarria da, ezbairik gabe. Hunkigarria bere inguruko gorabeherengatik —liburuko lehen argazkia bere alabetako batek egina da—, eta baita heriotzari buruzko gogoetak, kurioski, nahiko errepikariak direlako ere. Orain ohartzen gara galera handia izan zela Bidadorren heriotza; haatik, gera gaitezen ale eder hauekin, ez izan zitezkeenekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Durangoko Azokako eta BBK erakundeko ordezkariak gaur, Bilbon ©Aritz Loiola/ Foku

Sortzaileentzako lau eguneko topagune profesionala antolatu du Durangoko Azokak

Iñigo Astiz

Musikariak ez ezik, bestelako sortzaileak ere bide profesionalean laguntzeko helburuz egingo dute DA! Pro abenduaren 1etik 4ra bitarte

Nogen taldeak jaialdian parte hartuko du. ©Gorka Rubio / Foku

S.A., Nogen, Skakeitan, Tremenda Jauria eta Rodeo, Hatortxu Rocken

Berria

Hamazazpi artista ariko dira guztira abenduaren 18an Atarrabian euskal presoen alde egingo den jaialdian.

Altsasuko minak taularatzea

Altsasuko minak taularatzea

Iñigo Astiz

Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendu du 'Altsasu' antzezlana, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Ahozko epaiketako transkripzioak izan ditu pieza sortzeko abiapuntu nagusi.

Edorta Jimenezen liburuak Nikole Atxikallenderen eta Sabino Aranaren argazkia du azalean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du

Gorka Arrese

Edorta Jimenezek 'Nikole bijotzekua' ikerketa idatzi du. Nikolasa Atxikallenderen biografia osatzeaz batera, Sabino Aranaren bestelako ikuspegi bat dakar. Elkar etxeak argitaratu du liburua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.