Literatura. 'VILLA TRISTE'

Galdutako maleta biribila

Bixente Serrano Izko.
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Egilea: Patrick Modiano.

Itzultzailea: Joseba Urteaga. Argitaletxea: Igela.

Patrick Modianoren euskaraturiko bigarren eleberria dugu Villa Triste. Lehena, Udaberri alua izenburupean itzulia (Chien de printemps jatorriz), Pello Lizarraldek ekarri zigun hiru urte duela. Bigarren hau Joseba Urteagak. Eta bi-biak Igela argitaletxeak. Jatorrizko frantsesetik obra anitz itzuli da gaztelaniara, gure gaurko hau barne, baina ez Lizarraldek gurera ekarri ziguna, gure argitaletxearen ohorez diot.

Halako topiko bat bihurtu da egilea ezagutzen dugunontzat beti liburu berbera idatzi duela Modianok bere narraziogintza luzean. Modianok berak ireki zizkion ateak topikoari 1978an Goncourt sari frantses ospetsua jaso zuenean Rue des boutiques obscures nobelari esker. Hiperbole halako bat izan zen, jakina, Modianorena, sormen pertsonaleko idazle guztiak ibiltzen direlako azken finean obsesio berberen inguruan jirabiraka. Alemaniar okupazioa (berak zuzen ez ezagutu arren) izan zen bere gai obsesiboa lehen lanetan, eta gai hari zeharka utzi gabe, identitate pertsonalaren eta hala haur nola gaztaroko denbora galduaren bila abiatu da gehienbat geroko eleberrigintzan. Villa Triste dugu bi epeen arteko mugarri, bigarrenaren hasiera.

Gauza xume eta txikiak, hutsalak itxuraz, kontatzen ditu, baina giro berezia eraiki eta arazo sakonetan sartzeko gaitasun aparteko idazlea da. Gaurko honetan, 1960ko hamarraldi hasieran giroturik, Aljeriako gerrarako errekrutamendutik ihesi nahi du protagonistak —bertze okupazio batetik, orain berak egin beharko zuen horretatik, iheska?—, 18 urteko mutikoak, eta Suitzarekin mugakide dagoen goi mailako turismo gune batera doa, ezezagun bizitzeko eta behar izatekotan ere erbestera alde egiteko asmoz. Hamabortz urte geroago biziko du berriro paperetan esperientzia hura. Gaztaroa higatu izan balitzaio bezala ikusten du harako hura bere oraingo 33 urteko talaiatik, eta han galdu izan balitzaio bezala, gunetik alde egitean maleta biribila ahazturik gelditu zitzaion modu berean, bere esperientziaren biribiltasuna irudi.

Bikote berezi batekin eginen du topo, «Belgikako Erregina» Meinthe jaun xelebre eta misteriotsua bata —Marcel Proust-en denbora galdutik berreskuraturik nonbait—, eta bertzea Yvonne aktoresa, beronen jatorri probintzianoa gorabehera ametsetako bizitzan guztiz iaioa. Yvonnerekin maiteminduko da eta eskarmenturik gabeko haren amorante liluratu bihurtuko. Bere benetako gaztaroa, bere benetako bizitza izan balitz bezala aurkezten digu dena narratzaileak lehen pertsonan, ezkutuko bere egoerarekin kontraste bizian dagoen giro dekadente batean, geroagoko oroitzapenetan: malenkonia nagusi, transmititzen zaigun kontakizunean; ez, aldiz, kontaeran, erran nahi baita zuzen eta sentimentalismorik gabe gauzak kontatzeko duen moduan. Egoeretan, pertsonaien trataeran, gertakizunetan, horren guzti horren sinbolismo inplizituan datza begirada malenkoniatsua, narratzaileak ustez galdu duen gaztaro biribil baina nortasun faltsuko hartara zuzentzen duena.

Igelak, oro har, argitalpen ongi zainduak egin ohi dituen arren, gaurko honi azkeneko orrazkera bat falta zaio, batzuetan inprimatze akatsez edo deskuidu sintaktiko-morfologikoz mozorrotzen diren iratxo horietakoren bat uxatze aldera. Hala eta guztiz ere, jatorrizko bertsioa irakurri ezean, itzulpenetan gehienbat lorturiko testuaren erritmoari, hitzen oihartzunari, adierazkortasunari, balio askoz subjektiboago horiei, erreparatzen diedan irakurle honen aburuz, euskarapen guztiz irakurgarria eskaini digu Joseba Urteagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.