Literatura. 'ZENBAT LUR BEHAR DITU GIZON BATEK? '

Tolstoi goxo dastatzeko

Bixente Serrano Izko.
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Egilea: Lev Tolstoi.

Itzultzailea: Mikel Vilches.

Ilustratzailea: Elena Odriozola.

Argitaletxea: Denonartean.

Ene erudizio eskasegiak huts egiten ez badu, oso gutxi dastatu dugu oraindik ere euskaraz Lev Tolstoi. Izan ere, ene kontsultek erraten didatenaren arabera, errusiar eta munduko narraziogile handienetako bat dugun honen alegia batzuk bertzerik ez zaigu oraingoz heldu euskarara: hots, 1985ean La Primitiva Casa Baroja argitaletxeak eskaini zigun Alegiak bilduma bat, Bittor Madina itzultzaile; 1991n Ibaizabalek ekarririko Ivan Ilitxen heriotza, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaraturik; 1998an Zaldi baten historia, Mensajero eta J. L. Egireunen eskutik; eta orain berri, eskuartean dugun bertze alegia hau, Denonartean etxeak eta Mikel Vilches itzultzaileak eman digutena. Egonen ahal da norbait Gerra eta bakea edota Ana Karenina bezalako eleberriak euskaratzeko ahaleginetan!

Gaurko ipuin hau, Zenbat lur behar ditu gizon batek?, 1886an plazaratu zuen Tolstoik, eta ordurako aipaturiko bi nobela handiak bazeuden plaza eginik 1869 eta 1877tik hurrenez hurren. Bi obra horien itzal handia gorabehera, ezin erran Tolstoiren hainbat eta hainbat narrazio labur bigarren mailako produktu denik. Maisu handia izan zen genero honetan ere. James Joycek, adibidez, «inoiz idatzi den kontakizunik onena» zeritzon gure gaurko honi, atzeko azalean argitaletxeak berak marketin sen landuaz gogorarazten digun bezala.

Onena edo onenetariko bat, gaurkotasun handiko parabola dugu. Gaurtik ikusirik, denboren eta lekuen gainetik hegan egiten duen narrazio liluragarri horietariko bat lortu zuen idazleak. Ezaguna da haren joera mistiko, gizaldeko, pedagogiko, bakezalea. Bai bere saiakeretan bai alegietan bai bere bizitza pribatu eta publikoan gauzatu zituen alderdi horiek. Onura eta gutizia materialak mespretxatzen zituen, aberastasun izpiritualak lehenetsi. Gorroto zion mugagabeko ustiaketa grinari, gizakion izaeraren ezaugarri horri, naturarekin loturiko bizimodu lasaiarekin egiten zuen amets eta transmititzen jakin zuen bere idazkietan. Gure gaurko fabulak bikain, sarkastiko eta natural bezain sinple jorratzen du nekazari baten lur-jabetzaren egarri aseezina. Zertarako neurrigabeko jabetzak, zertarako hainbat ibilera neketsu eta auto-suntsitzaile arra bete lur gehiago lortze aldera?, horixe da narrazio honen galdera —erantzun zintzo garbia daramana baitan—, gaurko globalizazioaren moldearen krisi latzean berriro ere egin beharrekoa.

Horrela erranik, balirudike fabula moralista arrunt eta erraz baten aurrean gaudela. Ikasbide morala du, bai horixe!, baina idazle baten senak eta eskolak aparta bihur dezakete istoriorik xume eta itxuraz sinpleena. Hain zuzen ere, Tolstoik egiten zekiena. Narrazio labur-laburra, plama osoko ilustrazioak eta guzti, 70 orrialde betetzen ez duena. Baina haren estilo zuzen eta soila —erran nahi baita zuzen-zuzenean bideratu nahi duela istorioa helmugara inguru-minguru guztietatik ihesean—, haren errekurtso literarioen ekonomia, haren erritmo narratiboa geldoago hasi baina konpasez konpas gero eta gehiago azkartzen doana harik eta azkeneko erranaldiak literaturako stop adierazkorrenetariko bat plantatu arte… ezaugarri horiek egiten dute fabula moral hau harribitxi narratibo.

Eskertzekoa da liburuaren fitxa teknikoan agerian utzi izana gazteleratik abiatu dela gure itzulpena. Goxo-goxo irakurtzen da euskarapena, eta are goxoago egiten dute diseinua Elena Odriozolaren ilustrazioek, ederki egokituak narrazioaren izpiritu eta estiloari, aurretik Nordica Libros argitaletxearen ediziorako egin zituenak.

Tolstoi-pintxo bat dastatzeko parada atsegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.