Atzo iluntzean Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarreko presidente Alex Etxeberriaren autoari eraso egin zioten ezezagun batzuek. Autoaren leiho bat puskatu eta pintura gorria bota zuten barrura.
Etxeberria, atzo Uri Buru Batzarra bukatu ostean, 22:50ak aldera bere autora joan eta kopilotoaren aldeko kristala puskatuta zegoela ohartu zen.
Azpeitiko EAJk erasoa salatu egin du, prentsa ohar baten bidez, eta "ezker erradikalaren zati bati" egotzi dio ardura, honek "behatzarekin seinalatzen" duelako eta "gezurrak" esaten dituelako. "Errazena norberaren frustrazioen edo zapuzketen errua besteei botatzea da. Zentzu honetan, egunero ikusten dugu ezker erradikalaren sektore honek bere erru eta porroten arduradun egiten gaituela". Horren "ondorioa" da, EAJren iritziz, bart "'aberriaren salbatzaile' hauek burutu dutena".
Horrelako erasoak "onartzen" dituena, azken batean, bera "arazo" bihurtzen dela uste du alderdi jeltzaleak, "ezer konpondu beharrean".
EAJren batzokiak erasotzen, haietako ikurrinak harrapatzen, eta alderdietako zinegotziak mehatxatzen eta erasotzen dituztenek, “herriak behar duen errespetu eta elkarbitzitza eskenatokiari ekarpen erabat suntsitzailea" egiten diote. "Jarrera horiek, mehatxuek eta eraso bortitzek ez gaituzte eskenatoki baikorretara eramaten”.
EAJk dio “Azpeitiaren eta Euskadiren alde lanean tinko” segituko duela.
Erasoa aldarrikatu dute
Ezezagun batzuek uztarria.com-era 19:20ak aldera egindako telefono deian bere gain hartu dute Alex Etxeberriaren autoaren kontra egindako erasoa. "EAJ Euskal Herriari iruzur berria egiten ari zaio", esan dute batetik, eta Natividad Junko preso baten senidea "sakabanaketak hil" zuela bestetik —Unai Gonzalez presoaren amaginarreba zen Junko, eta Gonzalez Teruelgo (Espainia) kartzelara bisitatzera zihoala auto istripua izan eta abenduaren 25ean hil zen—.
Udal gobernuak "kezka" agertu du
Gaur arratsaldean bertan Azpeitiko udal gobernuak "kezka eta elkartasuna" adierazi ditu erasoaren aurrean. EAE-ANV, EA eta Aralarrek osatzen dute udal gobernua, joan den ekainetik.
"Gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan garatzeko eta bultzatzeko gure deia eta konpromisoa adierazi nahi dugu. Bide horretan, konponbidea eta bakearen bidean alderdien arteko mahaia momentu hauetan inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu. Akordio politikoa da giltza. Akordio politikoa herritarren borondatean oinarritu behar da", dio udal gobernuak.
"Horrelako gertaerarik gehiago eman ez dadin, dagokigun eremutik, lanean jarraituko dugu bake justu eta iraunkor baten bila".
Azpeitiko EAJko presidentearen autoari eraso egin diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu