Bi urte pasatxo iraun zuen Gasteizko Pferd Ruggenberg Caballito gisa izeneko enpresako langileen grebak. 2003ko urriaren 30ean abiarazi zuten eta 2005eko azaroan amaitu zen langileen batzarrak enpresa zuzendaritzak egindako azken proposamena onartu eta gero. Lan itunaren inguruko desadostasunek eta Alemaniako multinazionalak lantegia Jundizera leku aldatzeko zuen asmoak piztu zuten lan gatazka.
Lanuztea bukatzerako, lantalde osoaren herenak lanpostua galduko zuela onartu zuten batzarrean greban egondako 117 beharginek. Grebak iraun bitartean kaleratutako zortzi langile berriro onartu zituzten, ordea, eta zuzendaritzak finkatutako 77 langileren soberakina (industria plan berriari jarraiki) borondatezkoak eta diruz lagunduak izan ziren.
ELAk, USOk eta ESKk grebaren amaiera sinatu zuten; LABek eta UTIk ez. Akordioa egin eta bi urteren ondoren greba uztearen alde bozkatu zuten 80 langilek eta horren aurka 28k. Lau abstentzio ere egon ziren. Greba hasi aurretik 247 langile zituen Caballitok, eta hura bukatu eta aste gutxira 156rekin geratu zen, 83 gutxiagorekin alegia.
Grebalarien batzordeko presidente ohia, Joseba Leza, greba bukatu eta urtebetera kaleratu zuten. «Mendekua» salatu zuen ELAk. Lezak berak kaleratze bidegabe bat lotu zuen zuzendaritzarekin azkenean. Urteko 45 eguneko kalte ordainak jaso zituen. «Paga buru bat naiz», esan zuen 2007an; ez zuen enpresara itzuli nahi izan, horretarako aukera izan arren, «zuzendaritzak kausa berriak aurkituko zituelako ni berriz kaleratzeko, eta arriskua nuen ezer gabe geratzeko».