Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Egunkaria. Atzo atera zuen epaia, 12:50 aldera. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu dute epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia.
Sententziako puntu garrantzitsuak
- Deliturik ez. Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela harremanik izan ETArekin.
- Itxiera neurria, Konstituzioaren babesik gabea.Egunkaria ixteko erabakiak Espainiako Konstituzioaren babesik ez zuela izan esaten du epaiak eta, adierazpen askatasun eskubidea kontuan hartu, kazeta itxi aurretik beste aukera batzuk bazeudela. Epaiaren arabera, salbuespen egoerarik egon ezean Konstituzioak ez du ahalbidetzen hedabideak ixtea, "delikuentzia terrorista" kasuetan ezin da halako neurririk hartu.
- Hedabideak, demokrazian oinarrizko tresna. Hedabideak ez dira, epaileen ustez, "beste edozein enpresa", "gizarte demokratikoan oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren eskubideak gauzatzeko tresna direlako".
=b- 'Egunkaria'-k ez zuen "terrorismoa" goresten.=b Euskarazko kazeta hark, epaiaren arabera, "ez zuen mehatxurik egiten, ez zuen delitua probokatzen, ez zuen ekintza terroristen apologia egiten edo ez zituen goresten, ez zuen kalumniarik egiten". ETAri dirurik ere ez ziola bideratu dio.
- Adierazpen askatasuna, urratuta. Itxierarekin adierazpen askatasunaren eskubidea urratu zela dio Auzitegi Nazionaleko epaiak. Gainera, "pluralismoaren perspektibatik", Egunkaria euskaraz argitaratu izana ere kontuan hartu behar dela esaten du.
- Akusazioak, frogarik gabe, ahulak eta oinarririk gabeak. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek kartzela zigor eskaerak egin zituzten auzipetuen aurka, bostek ETArekin harremana izan zutelakoan, baina epaimahaiak ez du bost auzipetuen aurkako ezer ikusi. Auzitegiak ebatzi duenez, akusazioek ez zuten "froga zehatzik" eta "susmoen gainean" egin zuten akusazioa. "Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen duela diote [herri akusazioek eta Guardia Zibilak], baina datuen balorazio okerra egitea da hori. Akusazioa ahula da eta oinarririk gabea". Egunkaria-k ez du harremanik ETArekin, dio sententziak; bestelakorik esatea, "espekulazio hutsa da".
- Inkomunikazioan kontrolik ez. Auzipetuek atxiloaldian inkomunikazio garaian tortura eta tratu txarrak jaso izana salatu zutela dio Auzitegi Nazionaleko sententziak -"epaiketan detaileekin kontatu zuten"-, baina epaimahaiak adierazi du ezin duela halakorik gertatu zela "juridikoki" esan. Dena dela, atxilotuen "inkomunikazioan nahikoa kontrol judizialik ez zen egon", dio. Guardia Zibilak atzeman zituen.
Helegite aukera
Epaiak, ordea, ez du Egunkaria auzia bukatutzat eman. Batetik, Dignidad y Justicia eta AVTk Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute, helegitea sartuta.
Bestetik, auzi ekonomikoak zabalik segitzen du eta epaiketaren zain daude zortzi auzipetu.
Auzipetuen agerraldia bihar
Torrealdai Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen, Uria Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria eta kazetako zuzendaria, Auzmendi Administrazio Kontseiluko idazkaria, Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria eta Oleaga zuzendariordea.
Bostek gaur egingo dute epaiari buruzko balorazioa hedabideen aurrean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30etik aurrera. BERRIA.INFOk zuzenean eskainiko du agerraldia.
Epaiketa, abenduaren 15etik otsailaren 1era arte
Iazko abenduaren 15ean hasi zen epaiketa eta otsailaren 1ean bukatu zuten. Auzipetuek Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna aldarrikatu zuten deklarazioetan, eta egitasmoa plurala zela berretsi zuten defentsaren lekukoek. Guardia zibilek ez zuten auzipetuen aurkako frogarik aurkeztu, baina kazeta ETAk sortu zuela zioten.
Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro, Carmen Gisasola eta Txomin Aizpurua Egunkaria-ren sorrera garaian ETAko buruzagi zirenek azpimarratu zuten erakunde armatuak ez zuela kazetaren sorreran parte hartu. Gainera, auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari dagoela erakutsi zuten defentsaren perituek.
Epaiketa amaitu zenean, defentsak eta fiskalak absoluzioa eskatu zuten, auzipetuek deliturik ez zutela egin argudiatuta. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak auzipetuentzat, ETArekin lotura eduki zutelakoan.
2003an itxi zuten ‘Egunkaria’
Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, Del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin harremana zeukala egotzita. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (hau 2006an hil zen) eta Inma Gomila atxilotu zituzten.
Otsailaren 22an manifestazio historikoa izan zen Donostian, milaka eta milaka lagun bildu zirelako operazioaren aurka eta Egunkaria-ren alde. Hasiera-hasieratik elkartasun handia izan da.
'Egunkaria' absolbitua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu