Erkorekaren esanetan, "PPk ehizatu nahi duena Espainiako Gobernua da"
EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Josu Erkorekaren ustez, "PPk ehizatu nahi duena ez da ez EAJ ez Ibarretxe, baizik eta Rodriguez Zapatero eta Espainiako Gobernua". Hortaz, haren aburuz, "nahi duenean Patxi Lopezi gauzak zailtzen hasiko da PP".
EAJ Eusko Legebiltzarrean oposiziora pasatzeko aukerari buruz Erkorekak adierazi du "alderdia erregistro guztietan arduraz jokatzeko gai" dela.
Amezketa: "Eusko Jaurlaritzaren arazoak gobernatzerakoan etorriko dira"
Eusko Alkartasuneko lehendakariorde hautatu berri Koldo Amezketaren iritziz, "Eusko Jaurlaritzaren arazoak gobernatzerakoan etorriko dira, lehendakaria hautatu eta hurrengo egunean".
PSE-EEk eta PPk "gobernu ekintza bateratua" izatea "harrigarria" dela uste du Amezketak. Lehendakari berria Patxi Lopez izango dela "gauza jakina" dela gaineratu du, "horretarako gehiengo nahikoa" dutelako. Gehiengo hori "Parlamentuko mahaiaren gehiengoa osatzeko" ere erabiliko dutela uste du.
IUk dio PSE eta PP ez direla elkarrekin Gabonetara iritsiko
Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiaren ustez, PSE-EEren eta PPren arteko ituna ez da "naturala", eta "baliteke Gabonetako turroia ez jatea". Haren iritziz, PSE-EEk "frontismoaren alde" egin du PPrekin akordioa lortuta. "Nafarroan gauza bera egin zuen: eskubiarekin bat". Iruñean egin ditu adierazpenok Larak.
ERREAKZIOAK. Erkoreka: "PPk ehizatu nahi duena Espainiako Gobernua da"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu