Aitor Manterola
Euskadi-Iran partida arriskuan dago. Jokalariek uko egin diote Euskadi izenarekin jokatzeari, eta Euskadiko Futbol Federazioak argi esan zien jokalariei: «Euskadi izenarekin jokatuko da, edo ez da jokatuko». Futbolariak ez daude atzera egiteko prest, eta Federazioko Iñaki Dobaran presidenteak atzo bertan esan zuen «Euskadi izena ez» dutela aldatuko. Joan zen urtean ere saiatu ziren hainbat politikari Euskal Herria izena baztertzen. Orduan, Iñigo Urkulluk (EAJko EBBko burua) eta alderdi bereko Iñaki Anasagastik Euskal Herria izena jartzea kritikatu zuten. Partidaren zenbait babesleri ere ez zitzaien ondo iruditu Euskal Herria izena erabiltzea.
Euskal futbolariek agiri bidez plazaratu dute iritzia, eta jokalari askok egin dute bat: 165k. Realeko eta Athleticeko gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldeko ordezkariek, eta Alaveseko, Eibarreko, Angeluko eta Baionako futbolariek sinatu dute agiria, baita atzerrian jokatzen ari diren beste batzuek ere; erretiroa hartuta dauden hainbatek ere bat egin dute agiriarekin.
Joan zen astean iragarri zuen Euskadiko Futbol Federazioak Iranen aurka antolatu duela Gabonetako ohiko partida. Jokalariek bazuten neurketa horren berri, eta Euskadi izenarekin jokatu beharko zutela. Irailean egin zuten bilera Federazioarekin, eta han jakin zuten asmoen berri: «Edo Euskadi edo ezer ez». Federazioak urtebetean jarrera aldatu izana ez da berez gertatu. Jokalariek diotenez «Federaziokoek onartu» zieten «ez zeudela ados bi aukeretako inorekin, baina ez zutela beste irtenbiderik». Presioak izan dituztelako erabaki dute Euskal Herria izena bazterrean uztea: «Garbi azaldu ziguten zergatik eta nork aginduta aldatu behar zen izena, baina azalpen horiek Federazioak eman behar ditu».
Izen aldaketarekin ez daude ados futbolariak: «Euskal Herriko kirolariok ez gaude prest atzera egiteko. Iaz errealitate bihurtu genuen ametsa ez dugu berriro amets bihurtzen utziko. Kirolariok ez dugu atzera egingo». Euskal Herria izenarekin jokatu nahi dute, «zazpi herrialdeko eta 21.000 km koadroko nazioa ordezkatu nahi dugulako, eta horrek, gaur eta orain, Euskal Herria duelako izena». Ildo horretan «aurrerapausoak emateko prest gaude. Aukeratuak izaten garen heinean, partidak jokatzeko prest gaude, hori delako gure nahia». Federazioari leporatu diote arazoa sortzea, «haiek hartu dutelako atzera egiteko erabakia». Futbolarien ustez, «haiek dira emandako hitza bete ez dutenak, eta orain, haiei dagokie zuzentzea. Hala ez bada, gu ez gara partida jokatzera joango. Eta ardura haiena izango da».
«EAEko selekzioa nahi dute»
Federazioak bazekien Euskadi izena erabiltzen bada, partida arriskuan dagoela. Hala diote futbolariek: «Esan egin genien iazko aurrerapausoa atzera botatzen bazuten partida arriskuan dagoela». Abenduaren 23ko lehia joka dadin eskari hau egin diote Federazioari: «Iaz adostu genuen erabakiari eusteko eskatzen diegu, atzera egin ez dezagun Euskal Herriko selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialetan herri gisa parte hartzeko aukera izateko bidean». Helburu hori erdiesteko «gizonezkoen selekzioa osatzeko orduan zazpi euskal lurraldeetako futbolariak hartzen dira kontuan. Horrela ulertu behar da joan den urtean eman genuen pausoa, eta hortik dator Euskal Herriko Selekzioa izena eta izana», azaldu dute jokalariek.
Duela bi urte hainbat eskari egin zioten Federazioari: partida ofizialak jokatzeko nahia, «ahalegin handiagoa» egiteko oztopo legalak gainditzeko, Euskal Herria izena erabiltzea, deialdia Euskal Herri osoan eta euskal jokalari guztientzat egitea, ereserki nazionala erabiltzea eta euskara erabiltzea. Federazioko kideek aintzat hartu zituzten eskariak, eta joan zen urtean Euskal Herria izenarekin jokatu zuten.
Urtebetean iritzia aldatu eta emandako hitza ez betetzea beste zerbaiten ondorio da futbolarientzat: «EAE Euskal Autonomia Erkidegoko federazioek ez dute borondaterik eta asmorik euskal kirolariak batuko gaituen federazio nazionalak sortzeko. Izenaren aitzakian atzera egin nahi dutenak, bihar osaketaren barnean ere atzera egin, eta EAEko selekzio bat osatu nahiko dute, beste hainbat kiroletan gertatzen den bezala».
Erakundeen jarrera salatu dute, «mamiz hustu dutelako Euskadi izena». Euskal Herria zazpi probintzik osatzen dutela diote, eta Eusko Jaurlaritzak urriaren 25eko ekitaldian eta herritarren parte hartzearekin «Euskal Herria izena erabili» zuela gogorarazi dute.
'Euskal Herria' izenarekin ez bada, futbolariek ez dute jokatuko selekzioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu