"Ezin sinistuta nago, eta zaleei eta taldeari eskaintzen diet"

2009ko uztailaren 21a
19:20
Entzun
Oso pozik zen etaparen bukaeran Mikel Astarloza, askotan saiatu baita Tourrean etapa irabazten, eta gaur lortu du aurreneko garaipena han. "Ezin sinistuta nago, ez bainaiz asko irabazten duen horietakoa. Gaur banekien bakarrik helduta zaila izango nuela, ez naiz-eta esprintean ondo ibiltzen, eta horregatik jo dut erasoa bukaeran. Bete-betean aritu naiz, gertu ikusten nuelako garaipena. Irabazi egin nahi nuen, hori zen gure helburu garbia. Lortu dut. Merezi nuen eta taldeari eskaini nahi diot garaipena, oso lan handia egiten dutelako taldekideek niretzat. Euskal zaleei ere eskaintzen diet, ematen diguten babesagatik".

Bere bizitzako "egunik zoriontsuena" dela aitortu du Pasaiakoak. "Honelako egun batek iritsi beharra zeukan. Ametsa egia bihurtu dut".

Alpeetan lortu du arrakasta Astarlozak, eta berak esana da Alpeak gustatzen zaizkiola. BERRIAko gaurko zutabean bertan hala dio. "Ondo ibiltzen naiz Alpeetan", adierazi du etapa bukatu duenean.

Hirugarren urtea du Euskaltelen, 2002tik AG2R taldean egon ostean. "Euskaltelen heldutasuna lortu dut kirolari bezala, hobetu egin dut eta sailkapen onak eskuratu izan ditut. Onena, gaur".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.