Hiru foru ogasunen artean, zergapeko handienek Gipuzkoarekin dute zor txikiena: 152 milioi euro, 55 enpresaren eta zazpi pertsona partikularren artean. Porrot egindako enpresak dira nagusi, eta guztien artean Fagor Etxetresnak nabarmentzen da. Gipuzkoako industriaren ikurretako bat zenak 2013an eskatu zuen konkurtsoaren aurrekoa, zorrei aurre egiterik ez zuelako. Euskal Herriko adarra Cata katalanaren esku utzi zuen eta Frantziakoa, berriz, Aljeriako Cevitalen esku, baina hortik lortutako dirua ez da nahikoa izan zor guztia estaltzeko. Gipuzkoako Ogasunari, zehazki, 15,97 milioi zor dizkio.
Zordun handien artean eroritako hainbat enpresa historiko daude. Horien artean dago Ramon Vizcaino: izen hori duen sozietate anonimoak 5,73 milioi zor dizkio, eta beste 6,2 milioi Tecfrindus SA enpresaren bidez. 1932. urtean Donostian sortu eta gero Oiartzunera joandako enpresak 2011an jo zuen konkurtsora, haren akziodun nagusiak (AEBetako AIAC inbertsio funtsak) enpresa utzi zuenean. 400 langile geratu ziren kalean, eta haietako batzuk hozkailu industrialen ekoizpenari berriro ekin zioten, Green Frio izenarekin.
Hil eta ondoren berpiztutako beste bi enpresa azaltzen dira zordun handien zerrendan. Batetik, TS Fundiciones dago (2,1 milioiren zuloa). Ia bi urtez itxita izan ondoren, aurten hasi berriro lanean Arroako fundizioa (Zestoa), Gonvarriren eskutik (Gestamp taldea). Handik gertu, Azpeitian, Azkue altzariak berpiztu zuten iaz langile ohi talde batek. Hiru urte lehenago egin zuen porrot haren aurrekariak (Azcue y Cia) eta oraindik 3,78 milioi euro zor dizkio Ogasunari.
Historikoa da Bilore xaboi eta garbigarrien enpresa ere. Ehun urteko historiaren ondoren 2003an itxi zuen. Gipuzkoako ogasunari 3,6 milioi euroren zorra utzi dio, eta zatika erortzen ari den lantegi bat Zaldibiako herriari.
Papergintzaren gainbehera
Zordun handien zerrendan hainbat paper fabrika ere azaltzen dira, garai batean Gipuzkoan oso indartsu izan zen sektore baten gainbeheraren erakusgarri. Zulorik handiena (5,96 milioi) duela hamar urte itxitako enpresa batek utzitakoa da, Leaburuko Txarama auzoko Papelera del Araxesek. Zor handiak utzi dituzte Legorretako Paperaliak (2,1 milioi), Andoaingo Galgok (1,4 milioi) eta Hernaniko Foresur Celulosasek ere (1,2 milioi).
Eraikuntzarekin zerikusia duten enpresa ugari ageri dira zerrendan ere. Haien artean nabarmentzen dira Donostiako Construcciones y Contratas Gedi (6,3 milioi) eta Irungo Amute Gaina (3,2 milioi). Likidazioan daude sektore horretako beste bi zordun handi: Elizatxo SA (5,3 milioi) eta Elizalde Finkak (3,95 milioi).
Zordunen zerrendan daude Lumen Pacis enpresen aholkularitza sozietatea (5,4 milioi) eta jada porrot egindako Savera Gestion (4,7 milioi).
Zazpi partikular zerrendatu ditu Gipuzkoako Ogasunak zordun handien lehen zerrendan: Jose Bernardo Ernesto (1,6 milioi), Elias de Miguel Jimenez (1,5 milioi), Jose M. Fernandez Garbizu (1,4), Carlos Hernaez Ortizde Urbina (1,2), Luis M. Imaz Ruiz (1,4), Ion Ander Iturralde Alzuri (1,1), Isidoro Ortega de Pedro (1 milioi),