Gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, langileak ustiatzeaz akusatuta

2008ko uztailaren 16a
18:20
Entzun
Nekazaritza lanengatik egunean 20 euro agintzen zituen, baina gero soilik bost ordaintzen zituen, salaketak dioenez. Langile bati jo egin zion.

Espainiako Poliziak gaur jakinarazi du hilaren 11n 26 urteko C.M.C.A. gizonezkoa atxilotu zuela Tuteran, langileei iruzur egiteaz eta haiek ustiatzeaz akusatuta. Atxilotua Tuterako bizilaguna da, eta langileen eskubideen kontrako delitua leporatu diote; izan ere, laborantza lanak egitearen truke egunean 20 euro eskaintzen zituen, baina gero soilik bost pagatzen zituen.

Polizia iturrien esanetan, gutxienez bi portugaldarri eman zien lana atxilotuak -bera er ejatorriz Portugalgoa da, Tuteran bizi arren-, inolako lan kontraturik egin gabe. Nekazari lanak egunean 20 euroren truke eskaini zizkion, eta horrez gain lo egiteko lekua utziko ziela eta jaten emango ziela agindu zien. Langile horiei oraindik Portugalen zirela egiten zien lan eskaintza.

Behin Euskal Herrira iritsita, ordea, eta lanean hasi ondoren, soilik bost euro ordaintzen zizkien, eta lo egiteko lekua ez zen aldez aurretik eskainitakoa; aitzitik, furgoneta batean edota osasun egoera txarreko logela batean pilatuta lo egiteko aukera eman zien. Poliziaren arabera, iruzur eta ustiatze hori salatu ez zezaten, mehatxuak egiten zizkien nagusiak.

Sei hilabete egoera horretan

Ustiatutako langileek sei hilabete eman dituzte egoera horretan, agindu zitzaien soldata osorik jaso gabe.

Gainera, langileetako batek zauriak jasan zituen nagusiarengandik, hilaren 9an, soldata osorik ordaintzeko exijitu zionean. Horren ondorioz, larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan zuten.

Poliziak epailearen esku utzi du nagusia, C.M.C.A., hartu beharreko neurriak ebatz ditzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.