Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarriko dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskara planari buruz emandako epaiari. Erdaldunen eskubideak errespetatzen ditu erakundeak, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak nabarmendu duenez; datu gisa, azaldu du ez dutela kexurik jaso erdaldunen eskubideak urratzeagatik. "Izatekotan, gure plangintzak eta ahaleginak zorrotz aplikatzen ditugun arren, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu".
Aurreko legealdian onartu zuten euskara plana, baina ikuspegiarekin ados azadu da Irizar. Euskarari lehentasuna ematea egoki da, haren ustez. "Lehentasun konpentsatzaile bat, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarrak posizio ahulago batean daudelako".
Euskara planak aurten du indarraldiko azken urtea, eta, beraz, aldundiak ez du espero sententziaren eragin handirik. Iragarri du orain arteko "ikusmolde eta hedadura berarekin" jarraituko dutela lanean. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dute.