Hiriburun (Lapurdi) gose greba amaitu duten gazteekiko elkartasunez ur botilak erakutsi dituzte gaur Kalera Martxan dabiltzanek, Lekeition (Bizkaia). Herri hartan ekitaldia egin dute, eta, ur botilez gain, beste sinbolo bat izan dute ekitaldiaren erdigunean: lore zuri eta gorriekin "euskal presoak Euskal Herriratzeko" aldarrikapena egiteko erabiltzen den mapa osatu dute.
Abaroa jauregiko parkean egin duten ekialdian Oier Lorentek azaldu du Picassoren Gernika koadroan loreak sinbolizatzen duen itxaropena irudikatu nahi izan dutela. "Gure herriak merezi duen itxaropena."
Instituzio, eragile eta herritarren arteko akordioak eta inplikazioa eskatu ditu: "Euskal Herrian ez da normalizazio politikorik izango preso, iheslari eta deportatuak etxeratzen ez diren bitartean" .
HatortxuRock jaialdira joateko deia ere egin du; hain justu, han amaituko da Kalera Martxa.