Radovan Karadzicen atxiloketaren haritik hamaika erreakzio izan dira mundu zabalean, baita gerra krimenez akusatutako beste buruzagi serbiar batzuk atxilotzeko edota estraditatzeko eskaerak areagotu ere. Horietako eskaeren artean dago Australiako Atzerri ministroarena. Sidneyko kartzela batean 2006tik preso duten Dragan Vasiljkovic aurki Kroaziara estradita dezaten eskatu du Stephen Smithek. Dragan kapitaina bezala ezagunagoa dena Kroaziako indar serbiarren burua izan zen, eta 1991-1995 artean gerra krimenengatik epaitu nahi dute. Haren abokatuek oraingoz estradizioa gauzatzea eragotzea lortu dute. Gizonezkoak 52 urte ditu orain.
Duela bi urte eta erdi atxilotu zutenean ihesean zebilen kroaziar-serbiarra, eta Daniel Snedden izen faltsua zerabilen.
Australiako ABC telebistari Smith ministroak Radovan Karadzicen atxiloketa txalotu, eta Vasiljkovic aurki Kroaziako Poliziari entregatzeko nahia adierazi du.
Kroazia Jugoslaviako Federaziotik bereizi eta berehala Jugoslaviako armadak eta paramilitar serbiarrek kroaziarren kontra hasitako gerran Alfa izeneko unitate paramilitarra gidatu zuen Vasiljkovicek.
Sibenik hiriko (Kroazia) Fiskaltzak honako akusazioak egiten dizkio Vasiljkovici: 1991 eta 1993 artean Sibenik-Knin probintzian preso zeuden soldadu eta polizia kroaziarrak torturatu eta erailtzea; eta Glinako -Zagreb hiriburutik 100 kilometrora- polizietxearen kontrako erasoa antolatzea -paramilitarrek eraikin zibilak arpilatu eta suntsitu zituzten, eta zibil kroaziar ugari hil-. Eraso horretako biktimen artean Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariko kazetari Egon Scotland zegoen.
Kroaziako paramilitar serbiarren burua estraditatu nahi du Australiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu